Mundua -

Frantzia

Azken ministroen kontseilua egingo du Macronek, eta badirudi Attalen dimisioa onartuko duela

Bien bitartean, hauteskundeen irabazlea, Fronte Herritar Berria, erabat zatituta dago lehen ministro kargurako hautagai bateratua topatu ezinda.

Macron, uztailaren 14ko ekitaldietan. EFE
Macron, uztailaren 14ko ekitaldietan.
Macron, uztailaren 14ko ekitaldietan. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak bere gobernuaren bilera deitu du gaurko, azkena itxuraz. Antza, Gabriel Attal lehen ministroaren dimisioa onartuko du Macronek ministroen kontseiluan. Duela astebete karguan mantentzea erabaki zuen, horrek kargua utzi ostean. 

Batzarra 11:30ean izango da Eliseoan, BFMTV telebistak jakin duenez. Macronen koalizioa, Essemble, bigarren geratu zen hauteskundeetan eta, orain arte, ez ditu gehiengo osoa osatzeko babesak lortu. 

Bozetako irabazleak ere, Fronte Herritar Berriak, urrun du gobernatzeko aukera, ez baitu oraindik lehen ministro kargurako hautagai bateraturik topatu. Sozialistak, komunistak, ekologistak eta Frantzia Intsumisoa batera aurkeztu ziren hauteskundeetara Fronte Herritarraren baitan, eta hauteskundeetan garaile atera baziren ere, ez dira ados jartzeko gai izan. Azken orduetan, Melechon buru duen Frantzia Intsumisoak Laurence Tubianaren hautagaitza baztertu du. Bazkideek proposatu zuten izena, independentea zelakoan. 

Melechonen alderdiak errefusatu egin du. "Ez zait proposamen serioa iruditzen", esan du France 2 telebista katean Manuel Bompard alderdiko koordinatzaile nagusiak. Horren ustez, "Tubianaren hautagaitza onartzea kanporatu ditugun macronistak berriro bueltan izatea litzateke". 

73 urteko ekonomialaria da Tubiana, ekintzaile ekologista. Parisen egin zen COP21 klimaren goi bileran negoziatzaile aritu zen, besteak beste. 

Hori bai lehen, nahikoa gaiztotuta zeuden negoziazioak, eta Frantzia Intsumisoak bertan behera utzi zituen elkarrizketak, "blokeo politikoa" salatuta. Melechonen alderdiak sozialistak egin zituen egoeraren erantzule, Huguette Belloren hautagaitza baztertzeagatik. 

Hauteskundeen bigarren itzulitik, Fronte Herritar Berria osatzen duten lau indarrak akordioa itxi ezinda daude. Bi alderdi garrantzitsuenek, Frantzia Intsumisoak eta Alderdi Sozialistak, nork bere hautagaiari eusten dio.  

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Frantzia Emmanuel Macron