Mundua -

Gaza, erasopean

Israelek Khan Yuniseko eremu humanitario baten aurka egindako erasoan hil edo zauritu direnen kopuruak gora

Gazako osasun sailaren arabera, 90 dira, oraingoz, hildakoak eta ia 300 zaurituak, baina kopuru horiek okerrera egingo dute, zaurituetako asko larri baitaude.

Palestinarrek ahal duten moduan daramatzate zauritu eta hildakoak ospitalera. EFE
Palestinarrek ahal duten moduan daramatzate zauritu eta hildakoak ospitalera. EFE
Palestinarrek ahal duten moduan daramatzate zauritu eta hildakoak ospitalera. EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dozenaka pertsona hil eta ehunka zauritu dira Israelek larunbat honetan egindako erasoan. Israelgo Armadak "gune humanitario" izendatu zuen Gaza hegoaldeko Khan Yunis hiriko eremu hori, baina ez da gune horretan egindako lehen erasoa. 

Bertako iturriek azaldu dutenez, hiru misilek bete-betean jo dute Mawasiko gune humanitarioa, Rafahtik behartuta ihes egin behar izan duten milaka palestinarren bizitokia. 

Gazako osasun sailaren arabera, oraingoz, 90 dira hildakoak eta ia 300 zaurituak, baina datu horiek okerrera egingo dute, zaurituetako asko larri baitaude.

Erreskate taldeek orduak eman dituzte gorpuak berreskuratzen, eta zaurituak artatzeko osasun zerbitzu oso gutxi daude. Herritarrak autoetan, gurdietan edo bizkarrean hartuta aritu dira biktimak ospitaleetara eramaten. 

Zaurituak etengabe iritsen ari dira ospitaletara. EFE

"Eremu humanitario" izendatu arren, eta Rafahra itzultzea ezinezkoa bada ere, Israelgo Armadak behin baino gehiagotan egin ditu erasoak Mawasin.

Israelen arabera, erasoa zuhaitzez eta eraikinez inguratutako zabalgune batean izan da, ez Mawasiko kanpamentuetan. EFEren irudiek erakutsi dutenez, baina, dozenaka kanpadenda erabat suntsituta gelditu dira. 

Kanpadendak suntsituta, erasoaren gunean. EFE.

Israelgo segurtasun indarren eta hedabideen arabera, Hamaseko lider bat zen eraso horren jomuga, Mohammed Deif, erakundeko bigarrena, Yahya Sinwarren atzetik, eta urriaren 7ko erasoen erantzule nagusienetakoa. Hedabide batzuen arabera, Rafa'a Salameh, Hamasen Khan Yuniseko brigadako komandantea, zegoen Deifekin. 

Armadak, helburua hori zela esateaz gain, ez du bestelako azalpenik eman, eta ez du argitu Deif edo Salameh hildakoen artean ote dauden. 

Hamaseko buruzagi Abu Zuhrik ziurtatu duenez, hildako guztiak zibilak dira, eta, horren esanetan, "Amerikaren babesaz eta munduaren isiltasunari esker Israel egiten ari den genozidioaren gerran eskalatze larria" da eraso hau. Israeli leporatu dio "buruzagien aitzakia" erabiltzea sarraskia eragiteko. Erasoak "argi uzten du Israelek ez daukala meniarik adosteko inongo interesik", gaineratu du. 

Erasoaldia hasi zuenetik, 38.300 palestinar hil dituzte Israelgo indarrek, eta milaka palestinarrek hondakinen artean lurperatuta jarraitzen dute, haurrak eta emakumeak gehienak, Gazako osasun agintarien arabera. 

Palestinak AEBk emandako laguntzari egotzi dio erantzukizuna

Testuinguru horretan, Abil Abu Rudeineh Palestinako Aginte Nazionaleko Presidentetzako eledunak Ameriketako Estatu Batuek (AEB) emandako laguntza militarrari egotzi dio Israelek Mawasiko eremu humanitarioaren aurka egindako erasoaren erantzukizuna.

Era berean, bozeramaileak irmo kritikatu du AEBko Gobernuak "behin eta berriz urratzen dituela nazioarteko legitimitatearen ebazpen guztiak, okupazio horri babes militar eta finantzarioa emanez, gure herriaren aurkako sarraski odoltsuak egiten baititu egunero".

Israelen hitzetan, Mohamed Deif Hamaseko Gazako buruzagi militarraren aurka eraso egitea izan da ekintza horren asmoa, baina, gerra hasi zenetik, palestinarrak jasaten ari diren "genozidioa" deitoratu du Palestinako Aginte Nazionaleko Presidentetzako eledunak.

Netanyahuk dimititu egin behar du, israeldarren ustez

Israelgo 12. kanalaren inkesta baten arabera, Israeldar gehienek uste dute Benjamin Netanyahu lehen ministroak dimisioa eman beharko lukeela, urriaren 7ko Hamasen erasoak ahalbidetu zituzten segurtasun akatsengatik. Egun hartan, 1.200 pertsona inguru hil eta 250 bahitu zituen Hamasek. 

Galdetutakoen % 72k uste dute agintariak dimisioa eman behar duela gertatutakoagatik, eta % 44ren iritzian, berehala eman behar du. Dimisioa eman behar duela uste dutenen % 28ren aburuz, Hamasen aurka Gazan abiatutako gerra amaitzean eman beharko luke dimisioa. 

Koalizio gobernua babesten duten boto-emaileen artean, erdien esanetan, Netanyahuk legegintzaldia amaitu baino lehen utzi beharko luke kargua, eta % 42k, berriz, agintaldia amaitu beharko luke.

Gainera, herritarren % 64k uste dute herrialdeak su-etena adostu beharko lukeela talde islamistarekin, oraindik Gazan dauden israeldar bahituak askatzeko.

Bahituak askatzea eskatzeko manifestazioa. EFE.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Ekialde Hurbila Hamas Benjamin Netanyahu