Mundua -
Frantzia
Macronek lehen ministroa izendatuko du soilik "gehiengo sendoa eraikitzeko" konpromisoa lortzen denean
Herritarrei bidalitako gutun batean, Frantziako presidenteak esan du inork ez zituela hauteskundeak irabazi. Ezkerrak gogor kritikatu du agintari frantziarraren mezua.
Agentziak | EITB Media
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ohartarazi du lehen ministroa soilik izendatuko duela Frantziako indar politikoek "gehiengo sendoa eraikitzeko" konpromisoa lortu eta gero, eta, bien bitartean, egungo Gobernuak bere erantzukizunak betetzen jarraituko duela.
"Lehen itzulian zatituta, bigarrengoan elkarri kendutakoek elkartuta, beren etsai ohien botoei esker hautatuta, indar errepublikarrek bakarrik ordezkatzen dute gehiengo absolutua. Hauteskunde hauen izaerak, aldaketa eta boterearen banaketa eskaera argi batek markatuta, oinarri zabaleko koalizio bat eraikitzera behartzen ditu", adierazi du Macronek herritarrei bidalitako gutun batean.
Frantziako presidenteak ohartarazi duenez, horregatik "indar politikoei denbora pixka bat emango die, konpromiso horiek lasaitasunez eta elkarrekiko errespetuz lantzeko", azaldu du Eliseoak zabaldutako eta hedabideek argitaratutako gutunean.
Macronen hitzetan, halaber, inork ez zituen hauteskundeak irabazi, "ezein indar politikok ez baitzuen gehiengo nahikoa bakarka lortu", eta blokeak edo koalizioak "gutxiengoa dira".
NFP
Macronen hitzek Fronte Popular Berriaren (NFP) asmoak zapuztu ditu. Ezkerreko koalizioa Asanblea Nazionalean lehen indarra da eserleku kopuruari dagokionez (182), baina gehiengo osotik oso urrun (289).
Gauzak horrela, NFPk gogor kritikatu du Macronen gutuna. "Sufragio unibertsalari ezarritako Erret-betora itzultzea da. Hauteskundeen ostean beste koalizio bat osatzeko denbora eman nahi du, zalantzak sortuz", kritikatu du Jean-Luc Melenchon Frantzia Intsumisoaren (LFI) sortzaileak.
Era berean, Marine Tondelier ekologisten buruzagiak hauteskundeen emaitzak ez onartzea leporatu dio presidenteari, eta haren ezezkoak herrialdeari eta demokraziari kalte egiten diola ohartarazi du. "Ezin da aldi berean irabazi eta galdu", gogorarazi dio diputatu ekologistak.
RN
Eskuin muturrak ere Macronen jarrera ez dute hobeto hartu. "Emmanuel Macronek herrialdearen paralisia antolatu du, ultraezkerra boterearen atarian jarriz, azpijoko higuingarrien ondorio. Eta hemendik aurrera hauxe da bere mezua: hor konpon", salatu du sareetan Jordan Bardella RNko presidentea. Macron "arduragabetzat" jo du Bardellak.