Mundua -
frantziako hauteskundeak
Gilles Pennellek dimisioa aurkeztu du, Frantziako eskuin muturreko Bilgune Nazionaleko zuzendari nagusiak
Pennelle eurodiputatu aukeratu zuten ekainean egindako Europako hauteskundeetan, eta eskuin muturreko alderdiak garaipena lortu zuen. Orain, Frantziako hauteskundeen bigarren utzulian hirugarren eginda, Pennellek dimititu egin du.
EITB MEDIA
Gilles Pennelle Frantziako eskuin muturreko Bilgune Nazionaleko zuzendari nagusiak dimisioa eman du, Frantziako hauteskunde legegileen bigarren itzulian alderdia hirugarren postuan geratu ostean, Frantziako zenbait komunikabidek astearte honetan jakitera eman dutenez. Gogoratu behar da lehen txandan garaile atera zela eskuin muturra.
Ekainean egindako Europako hauteskundeetan eurodiputatu gisa aukeratu zuten Pennelle, eskuin muturra lehenengo geratu baitzen. Philippe Olivier Bilgune Nazionaleko batzorde exekutiboko kideak baieztatu du haren dimisioa, Le Monde Frantziako egunkarian egindako elkarrizketa batean. Frantziako BFM TV telebista kateak ere eman du dimisioaren berri, baina oraingoz Penellek ez du adierazpenik egin.
Nolanahi ere, Olivierrek adierazi du dimisio hori aurreikusita zegoela lehendik ere. Alderdiak, baina, ez du egoerari buruzko adierazpen ofizialik egin. Era berean esan du Jordan Bardella alderdiko buruak Bilgune Nazionalaren "berrantolaketa orokorra iragarriko" duela azpimarratu du.
2023an Pennellen egitekoa izan zen 'Matignon Plana' gainbegiratzea, hauteskunde legegileei begira 580 hautagaitza inguru aukeratzeko. Bardellak berak plan horretan izandako "akatsak" onartu zituen eta "bere erantzukizun-zatia bere gain" hartuko zuela ere agindu zuen.
Gogoratu behar da igandeko hauteskunde legegileek Fronte Popular Berriari eman diotela garaipena, Frantziako intsumiso, sozialista, ekologista eta komunistek osatua. Bigarren postua macronistek lortu dute eta Bilgune Nazionala hirugarren geratu da.