Mundua -

AEB

Etxe Zuriak Bidenen medikuaren gutun bat kaleratu du, parkinsonean adituan den mediku baten bisitak tarteko

AEBko presidente eta hautagai demokrataren medikuak bisiten inguruko "zehaztapenak" egin behar izan ditu sortutako zurrumurruak apaldu nahian. Argitu duenez, "urteroko osasun proben baitan" jaso zituen neurologoaren bisitak, eta hortik kanpo, ez du azterketarik izan.

Biden, ekitaldi publiko batean, asteon bertan. EFE
Biden, ekitaldi publiko batean, asteon bertan.
Biden, ekitaldi publiko batean, asteon bertan. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etxe Zuriak Joe Biden AEBko presidentearen medikuaren eskutitz bat argitaratu du, parkinson gaixotasunean aditu den neurologo batek 81 urteko politikariari hainbat bisita egin dizkiola zabaldu eta gero. Azken asteotan ezbaian dago Bidenen hautagaitza, haren osasun egoeraren zalantzak azaldu baitira. Kritikak gorabehera, presidentea tinko azaldu da, eta "inora ez doala" berretsi du hainbatetan. 

Gutuna kaleratu aurretik, kazetariek galdera erauntsia egin diote Karine Jean-Pierre Etxe Zuriko bozeramaileari, presidenteak parkinsona ote duen jakin nahian. Izan ere, The New York Times eta The New York Post egunkariek jakinarazi dutenez, Kevin Cannard gaixotasun neurologiko horretan adituak zortzi aldiz egin zion bisita Bideni 2023ko udatik aurtengo udaberrira arte.

"Parkinson tratamendua jaso du presidenteak? Ez. Gaixotasun horren kontrako tratamendua jasotzen ari da? Ez, inondik inora. Parkinsonaren aurkako botika hartzen ari da? Ez", adierazi du Jean-Pierrek. Eledunak ez ditu neurologoaren bisitak baieztatu nahi izan, eta segurtasun arrazoiak aipatu ditu horretarako.  

Jean-Pierreren esanetan, neurologoa bisitan joan ohi zaio presidenteari horrek urteroko osasun probak egiten dituenean. "Azterketa medikuak dituenean, neurologoa dago. Hortxe erantzuna", azaldu du. Dena dela, ez du izenik aipatu, "agintariok ezin dugu halakorik egin, izan neurologoa edo dermatologoa". 

"Urteroko probez harago, Bidenek ez du neurologoa ikusi"

Prentsaurreko horren ostean etorri da Kevin O'Connor medikuaren gutuna. Dokumentuaren arabera, Bidenen beraren eta Cannard espezialistaren baimena du "zehaztapenak" argitzeko. 

O'Connorren hitzetan, "Cannard doktorea Etxe Zuriko neurologoa izan da 2012tik". Bideni aurten egindako proben emaitzak jakinak direla erantsi du medikuak, eta urteroko azterketa horiez harago, Biden presidenteak ez duela neurologoa ikusi azpimarratu du. 

Otsailean kaleratu zituen probon emaitzak Etxe Zuriak. Horien arabera, ez zuten aurkitu "garun desordenaren edo gaitz neurologikoen zantzu garbirik". 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB Hauteskundeak Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Joe Biden