Mundua -

Frantziako hauteskundeak

Frantziarrek eskuin muturra geldiarazi dute eta garaipena eman diote Fronte Popular Berriari

Macron babesten duten alderdien koalizioa bigarren postuan geratu da azken proiekzioen arabera, eta eskuin muturreko Bilgune Nazionala alderdia eta bere aliatuak hirugarren postuan gelditu dira, nahiz eta lehen itzuliko irabazleak izan ziren.

Fronte Popular Berriko jarraitzaileek garaipena ospatu dute. Argazkia: EFE.
Fronte Popular Berriko jarraitzaileek garaipena ospatu dute. Argazkia: EFE.
Fronte Popular Berriko jarraitzaileek garaipena ospatu dute. Argazkia: EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako herritarrek eskuin muturra geldiaraztea lortu dute hauteskunde legislatiboen bigarren itzulian, Fronte Popular Berria (NFP) ezkerreko koalizioari garaipena emanez eta Marine Le Penen Bilgune Nazionala (RN) hirugarren postura baztertuz. Bigarren postuan, Emmanuel Macron babesten duten alderdiek osatutako Ensemble koalizioa geratu da.

Azken proiekzioen arabera, NFP ezkerreko koalizioak 187 eta 199 eserleku artean lortuko lituzke. Asanblea Nazionaleko bigarren taldeak, Ensemblek, 164 eta 169 hautetsi artean izango ditu. Bilgune Nazionalak eta haren aliatuek 135 eta 143 eserleku artean lortuko lituzkete, eta hirugarren postuan geratuko lirateke. Hauek eman dute gaueko ezusteko handiena, lehen itzulian alderdi bozkatuena izan baitzen, babesen % 33 baino gehiagorekin.

Alderdi Errepublikarrak (LR)  63 eta 68 eserleku artean lortu ditu, ezkerreko beste indar batzuek 15 hautetsi inguru eta talde txikiagoen artean geldituko dira beste 9 edo 10 eserleku.

Emaitza horiekin inork ez du gehiengo osoa lortzen, 289 eskuratu behar baitira.

49 milioi frantziar inguru zeuden deituta igande honetan bozka ematera. Parte-hartzea historikoa izan da, % 67,1era iritsi da, 1997tik izan den altuena.

Lehen inkesten emaitzak jakin orduko, politikarien erreakzioak iristen hasi dira.

Hauteskundeetako irabazlea, Jean Luc Melenchon ezkerreko liderra, izan da hitz egiten lehena. Macroni esan dio porrota onartu dezala eta NFP koalizioari gobernua osatzeko eska diezaiola.

Alabaina, Eliseoak jakinarazi duenez, Emmanuel Macron presidenteak "Asanblea Nazionala berregituratu arte itxarongo du beharrezko erabakiak hartzeko", eta "frantziarren erabaki subiranoa errespetatzen dela zainduko" duela adierazi du.

Bestalde, Gabriel Attal lehen ministroak astelehen honetan dimisioa aurkeztuko diola Macron presidenteari baieztatu du. Hala ere, Asanblean izan daitekeen blokeoaren aurrean, behin behineko gobernu bat zuzentzeko prest agertu da.

Marine Le Pen buruzagi ultraeskuindarrak alderdiaren porrota deitoratu du, baina hauteskunde hauetan babesa bikoiztu dutela gogorarazi du, eta "etorkizuneko garaipen baten oinarriak" jarri direla uste du.

Azkenik, Eric Ciotti Alderdi Errepublikarraren buruzagiak "lotsaren aliantza" salatu du, "boterea ezker muturrari" eman diona.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Frantzia Frantziako Gobernua