Mundua -

hauteskundeak

Keir Starmer laborista lehen ministro da jada, eta Erresuma Batua "berreraiki" egingo duela hitzeman du

Charles III.arekin batzartu da, eta hark gobernua osatzeko agindua eman dio. Lehen ministro berriaren esanetan, Erresuma Batuak "aldaketaren eta politika zerbitzu publikora itzultzearen alde" bozkatu du.

Starmer. Argazkia: EFE
Starmer. Argazkia: EFE
Keir Starmer, Erresuma Batuko lehen ministro berria: ''Aldaketa berehala hasiko da''

0:30

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Keir Starmer buruzagi laborista Erresuma Batuko lehen ministro da jada, eta Charles III.a erregeak gobernua osatzeko agindua eman dio, Buckingham jauregian egindako batzar batean.

Starmer Downing Streetera joan da, Gobernuaren egoitzara, bulego ofizial eta etxebizitza izango duen horretara, eta bertan eman du lehenengo hitzaldia hauteskundeetan gehiengo osoa lortu ostean.

Lehen ministroaren esanetan, Erresuma Batuak "aldaketaren eta politika zerbitzu publikora itzultzearen alde" bozkatu du.

Starmerrek ohartarazi du "denbora" beharko dela jendeak berriro sinets dezan politikak arazoak konpontzeko balio duela.

"Nire gobernuak egunero egingo du borroka berriz sinets dezazuen. Aurrerantzean doktrinarik gabeko gobernua izango duzue, zuen interesek gidatuta soilik eta herria hankaz gora jarri dutenei aurre eginez", adierazi du.

"Agindu argia eman diguzue, eta aldaketa burura eramateko erabiliko dugu", azaldu du Starmerrek, legegintzaldiko helburuetako batzuk aipatu aurretik: osasun sistema hobetzea, energia faktura merkatzea eta migrazio politika eta erakundeak "garbitzea".

"Horretarako denbora beharko da, baina ez izan zalantzarik aldaketa berehala hasiko dela. Ziur izan Erresuma Batua berreraikiko dugula", hitzeman du.

Starmer Downing Streetera iristen. Argazkia: Efe

Starmerrek berretsi du "berritze nazionala" beharrezkoa dela, eta gobernuarekin bat egiteko deia egin die herritarrei, azken urteotan familia askori "entzungor" egin zaiela gaitzetsi ostean. "Alderdi Laboristari botoa eman bazenion edo ez, bereziki eman ez bazenion, gobernua zure zerbitzura egongo dela esaten dizut zuzenean. Politika ongia egiteko botere bat dela erakutsiko dugu. Lehenengo herria, ondoren alderdia", adierazi du Erresuma Batuko gobernuburu berriak.

"Urte hauen ostean, herria batzeko lan egingo dugu, berriro elkarrekin egon daitezen lau nazioak, iraganean egon ziren moduan, elkarrekin aurre eginez mundu inseguru honetako erronkei, berreraikuntza lasai eta patxadatsuarekin engaiatuta", azaldu du.

Downing Streeteko hitzaldia egin aurretik, Starmerrek aitortza hitzak izan ditu Rishi Sunak lehen ministro ohi eta hauteskundeetako galtzaile handienarentzat. Hala, esan du ezin dela gutxietsi jatorri asiarreko lehenengo lehen ministro izatera heldu izana.

Oraindik bi diputatu erabakitzeko daudenean, Alderdi Laboristak 412 diputatu lortu ditu, eta Alderdi Kontserbadoreak, berriz, 121, datu ofizialen arabera.

Starmer, bere emaztearekin, Downing Streeteko 10.ean. Argazkia: EFE

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Londres Charles III.a erregea