Mundua -
IRUZKINA
"Erresuma Batua herrialde zentrista eta moderatua da atzera"
Horixe adierazi du John Carlin kazetari eta idazle britainiarrak hauteskundeen ostean, eta Starmen buruzagi "motel eta pragmatiko" gisa deskribatu du.
eitb media
John Carlin Katalunian bizi den kazetari eta idazle birtainiarrak esan du Erresuma Batuko hauteskundeen irabazlea, Keir Starmer laborista, buruzagi "motel eta pragmatikoa" dela.
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Carlinek esan du ostegunean egindako hauteskundeen ostean, "Erresuma Batua herrialde zentrista eta moderatua" dela atzera. Horren harira, azpimarratu du Alderdi Laborista, garaipen nabarmena eskuratu duena, "zentrokoagoa" dela "ezker-zentrokoa baino", bereziki Starmerrek "alderdiko adar 'podemita' indargabetzea erabaki zuenetik".
Horregatik, eta "toryen 14 urteko gobernuak gogaituta", besteak beste, uste du Alderdi Laborista aukera "erakargarri" bihurtu dela britainiarrentzat, gehiengoa moderatua delako, Carlinen arabera.
"Starmer da Erresuma Batuak azken urteetan izan duen buruzagi motelena. Ez da gizon karismatikoa, baina zentzuz jokatuko du", aurreratu du Carlinek. Europar Batasunarekiko harremanari dagokionez, Carlinek esan du litekeena dela "gerturatzea", baina ez Batasunean sartzeko, baizik eta "merkataritza harremanetan" neurri "pragmatiko" gisa.
Alderdi kontserbadorearen gainbeheraren harira, esan du Rishi Sunaken lekua hartzeko faborito nagusia Kemi Badenoch dela, "emakume bikaina", Sunaken buruzagitza "trebe baina karismarik gabearen ostean".
Scottish National Partyko independentisten porrota ere azpimarratu du kazetari britainiarrak, 48 ordezkari izatetik 10 izatera igaroko direlako, Eskozian bigarren erreferendum bat egitearen inguruko erreferendum gisa planteatu zuten hauteskunde hauen ostean.