Mundua -

Erresuma Batuko hauteskundeak

Laboristek garaipen zabala erdietsi dute bozetan, kontserbadoreen porrota berretsita

Keir Starmer lehen ministro hautatua pozarren azaldu da lortutako gehiengo osoarekin (411 eserleku), 14 urteren ostean. Rishi Sunakek bere gain hartu du boto-emaileek emandako kolpea. Deskalabrua jasan du, bestalde, Eskoziako Alderdi Nazionalistak, 38 ordezkaritik 9ra jaitsita.

Starmer, irribarretsu, bart. Argazkia: @Keir_Starmer
Starmer, irribarretsu, bart.
Starmer eta Shunak, laboristen garaipen zabalaren ondorengo txanponaren bi aldeak

0:43

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Lortu dugu! Aldaketa orain hasten da", esan du eztitan Keir Starmer Alderdi Laboristako buruzagi eta lehen ministro hautatuak. Laboristek gehiengo osoa lortu dute Erresuma Batuko hauteskundeetan (411 eserleku, 2019an baino 210 gehiago). Hala iragartzen zuten inkesta guztiek, eta hala izan da azkenean. Ezkerreko alderdia Downing Streetara itzuliko da, 14 urteren ostean. Alderdi Kontserbadoreak kolpe latza jaso du, eta 120 ordezkari eskuratu ditu (249ko galera). Rishi Sunakek aitortu duenez, "asko dago ikasteko eta hausnartzeko; gogor lan egin duten hautagai kontserbadore askok euren lekua galdu dute, nire gain hartzen dut porrota". 

Hirugarren postuan geratu dira gaueko beste irabazleak, liberal-demokratak, 71 eserlekurekin, duela bost baino 63 gehiago. 

Ifrentzuan, Eskoziako Alderdi Nazionalistak (SNP) jasandako deskalabrua: 9 ordezkari baino ez ditu eskuratu, 2019ko bozetan baino 38 gutxiago. Alde txikira, Sinn Fein, duela bost urteko emaitza bera erdietsita (7 diputatu). 

Torien boto galeraren erantzuletako bat Nigel Faragek gidatzen duen Reform UK ultraeskuinako alderdia izan da. Komunen Ganberan lau leku izango ditu, berea barne (zazpi aldiz saiatu da, alferrik). Launa eserlekurekin geratu dira Berdeak —gazteen botoari esker—, DUPeko unionistak eta Galesko independentistak (Plaid Cymru); azken horiek inoizko emaitza onenak lortu dituzte bi ordezkari irabazita. 

Ezkerrera egin du, horrenbestez, Komunen Ganberak, eta gainera, inoiz baino emakume gehiago izango ditu ordezkari (242). 

Starmer: "Politika zerbitzu publikoaren mesedetara egon behar da berriro"

Emaitzak jakin berritan, irribarretsu agertu da jarraitzaileen aurrera Keir Starmer laborista. Hari egokitu zitzaion alderdia berriro "jostea" Jeremy Corbynek 2019an jasandako porrotaren ostean. "Orain hasten da aldaketa", esan du kanpainako leloari aipamena eginda.  

Agian zure interesekoa da: Nor da Keir Starmer?

Horren esanetan, "politika zerbitzu publikoaren mesedetara egon behar da berriro, eta guztion ongizaterako balio duela demostratu. Aurrena herrialdea, eta gero alderdia". Iragarri duenez, Erresuma Batuko "pertsona bakoitzarentzat" gobernatuko du. 

 

Zortzi ministro tory-k eta Lizz Truss lehen ministro izandakoak eserlekua galdu dute

Kontserbadoreen porrotaren ondorioz, Sunaken hainbat ministrok eta Lizz Truss lehen ministro britainiarra izandakoak ordezkaritza galdu dute. Defentsa, Justizia, Energia, Hezkuntza, Kultura, Gales eta Garraio ministroak dira, zehazki, Komunen Ganberatik kanpo geratu direnak. Hain justu, parlamentuan kontserbadoreen buruzagia zenak ere, Penny Mordauntek, hautagai laboristaren kontra galdu du bere barruan, Ipar Portsmouthen.

Sunaken ordezkoa izateko faborito zen Mordaunt. Nabarmendu duenez, "demokraziak ez du inoiz kale egiten". 

Oraingoz —kontaketa astiro doa— Rishi Sunakek eta Jeremy Hunt Ekonomia ministroak bakarrik eutsi diote euren eserlekuari. 

Zartakoaren aurrean, Robert Buckland diputatu kontserbadorea (honek ere ez du lortu ordezkaritzarik) oso kritiko azaldu da alderdiarekin: "Adierazpen subertsiboak egin dituzte, eta ekintza leloak". Suella Braverman Barne ministro izandakoak ere estu hartu du Sunak, eta jendeari entzun ez izana leporatu dio.  

Ziklo aldaketa, 14 urteren ostean

"Alderdi Laboristak irabazi ditu hauteskundeak, eta Kier Starmerri deitu dio garaipenagatik zorionak emateko", adierazi du Rishi Sunakek, oraingoz lehen ministro denak.

Sunaken arabera, "gaur, botereak eskuz aldatuko du modu baketsu eta ordenatuan, hori da bi aldeon borondatea. Egonkortasuna emango dio herrialdeari eta horren etorkizunari". 

Begirada goibelarekin, barkamena eskatu du, eta iragarri du Londresera joango dela gobernuaren buruzagitza uztera. 

Downing Streeten 10.a, gaur. EFE

Carlos III.aren "baimena" jasota, Starmer izendatuko dute Erresuma Batuko lehen ministro. Downing Streeteko 10.ean ostatu hartuta, nazioari zuzendutako hitzaldia eman beharko du buruzagi laboristak eta bere ministroak izendatu. 

Komunen Ganbera berria asteartean osatuko dute, presidentea aukeratuta. Uztailaren 17an, erregeak bilkuren sasoiari ekingo dio bere hitzaldiarekin. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Brexita Ingalaterra Hauteskundeak Rishi Sunak