Mundua -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Frantziako hauteskundeak, Aita Mariren misioa, eta oliba olioa eta argindarra, merkeago
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko uztailaren 1ean, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Frantziako hauteskunde legegileak: Marine Le Penen Bilgune Nazionalak (RN) irabazi ditu igande honetan Frantzian egin diren hauteskunde legegileak, botoen herenarekin, ezkerreko Fronte Popular Berriaren (% 28) eta Emmanuel Macronen alderdiaren aurretik (% 21). Jean-Luc Melenchon Frantzia Intsumisoko (LFI) buruzagiak adierazi duenez, Fronte Popular Berriaren ezkerreko batasuna da ultraeskuinaren alternatiba bakarra, baina, aldi berean, hauteskunde legegileen bigarren itzulian, uztailaren 7an, hirugarren postuan geratu diren lekuetan, hautagaitzak erretiratuko dituztela iragarri du. Frantzian ez bezala, Ipar Euskal Herrian ezkerreko koalizioa izan da lehen indarra eskuin muturraren aurretik.
- Aita Mariren misioa: Aita Mari ontzia gaur abiatuko da Pasaiatik Mediterraneora, bere 13. misioan, Itsas Salbamendu Humanitarioko erakundeak ohar baten bidez jakinarazi duenez. "Bi hilabetez euskal uretan barrena ibili ondoren, proiektua eta migratzaileak zein errefuxiatuak Mediterraneoan topatzen duten errealitate gogorra herritar guztiei ezagutzera emanez, jasotako harrera eta gure herriak erakutsi digun babesa eta elkartasuna eskertzen ditugu", nabarmendu du Itsas Salbamendu Humanitarioak ohar baten bidez.
- Oliba olioa eta argindarra, merkeago: Ministroen Kontseiluak onartu zuen bezala, gaurtik ez zaio Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ) aplikatuko oliba olioari. Neurriaren helburua produktu horrek azken urteetan izan duen prezio igoera geldiaraztea da, lau urtetan bere salneurria ia % 200 biderkatu baita. Gainera, argindarraren batez besteko prezioak ekainean, handizkako merkatuan, BEZaren jaitsiera eragingo du hurrengo fakturan, eta berriz ere % 10era murriztuko da.