Mundua -

Estatu-kolpe saiakera

Huts egin du estatu-kolpe saiakerak Bolivian

Juan Jose Zuñiga Boliviako Armadako burua atxilotu dute eta kargutik kendu, atzoko kolpe saiakeraren ondoren. Horren arabera, Luis Arce presidenteak agindu zion "operazio militarra" abian jartzea, herritarren artean "populartasuna" berreskuratzeko mugimenduren bat behar zuela eta.

Militarrak Boliviako Gobernuaren egoitza aurrean, La Pazen. Argazkia: EFE
Militarrak Boliviako Gobernuaren egoitza aurrean, La Pazen. Argazkia: EFE
Boliviako estatu kolpe saiakera gidatu duen komandantea atxilotu duten unea

0:41

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bolivian estatu- kolpe saiakera egin zuten atzo militarrek, Luis Arce herrialde horretako presidentea kargutik indarrez kendu nahian. Juan Jose Zuñiga Armadako komandanteak gidatu zuen matxinada, eta tankeak eraman zituen La Paz hiriburuan Gobernuak duen egoitzaren atarira. Kolpeak ez zuen aurrera egin, eta Zuñiga, dagoeneko, atxilotuta dago.

Bere aldetik, Arcek herritarrei zein nazioarteari eskerrak eman dizkie, atzoko operazioaren aurka erakutsi duten jarreragatik, eta hitzeman du "demokraziaren alde" lanean jarraituko duela. "Gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu herrialdeko gizarte eragileei eta herritar guztiei, atzo kalera atera eta modu batera edo bestera, operazio militarraren kontra agertu zirelako. Horrelako ekintzek Boliviako demokraziaren irudia zikintzea baino ez dute lortzen nazioarte mailan, eta ezegonkortasuna sortzen dute herritarren artean. Une honetan, Bolivia aurrera ateratzeko lana egitea dagokigu", esan du, sare-sozialetan argiratutako mezuan.

Bolivian 15:00ak (Euskal Herrian, 21:00ak) zirenean izan zen operazio militarrak. Juan Jose Zuñiga Armadako komandante nagusiak gidatuta, dozenaka militar armatuta, tanke eta guzti, sartu ziren La Pazeko Murillo plazara. Han dago Boliviako Gobernuaren egoitza nagusia, eta ate nagusia indarrez bota zuten. Handik gutxira, Arce atera zen eraikinetik, hainbat ministrok babestuta, eta Zuñigari agindu zion berehala tropak handik ateratzeko. Azken horrek bete egin zuen agindua.

Operazioak iraun zuen bitartean, Armadako buruak esan zuen bere helburua "demokrazia berrezartzea" zela, eta "preso politikoak askatzea" izango zela hartuko zuen lehendabiziko erabakia, behin boterearen jabe egiten zenean. Egunaren amaieran, atxilotu egin zuten Zuñiga, eta une horretan esan zuen Arcek agindutako kolpe saiakera izan zela, herritarren artean "populartasuna berreskuratzeko". "Presidenteak esan zidan egoera oso gaiztotuta zegoela eta aste hau oso kritikoa izango zela. Bere populartasuna berreskuratzeko zerbait egin behar zela esan zidan. Nik galdetu nion: 'aterako al ditugu tankeak?', eta baietz erantzun zidan".

Boliviako Estatuko Fiskaltza Nagusiak iragarri du "ikerketa penala" abiatuko duela jada kargugabetuta dagoen jeneralaren eta kolpe ahaleginean parte hartu zuten militar guztien aurka.

Erreakzioak

Nazioartean operazioaren kontra agertzen aurrenetakoa Josep Borrell EBko Atzerri Gaietarako ordezkaria izan da. "Europar Batasunak Bolivian ordena konstituzionala hausteko eta demokratikoki aukeratutako gobernuak boteretik kentzeko edozein saiakera gaitzesten du, eta elkartasuna adierazten die Boliviako gobernuari eta herriari".

Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak, berriz, "ordena konstituzionala" babestera deitu ditu boliviar guztiak. Kolpe saiakera onartezina dela esan du.

Halaber, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak ere "irmo" gaitzetsi du Bolivian izandako operazio militarra. "Boliviako Gobernuari eta bere herriari gure babesa eta elkartasuna bidaltzen dizkiegu. Demokrazia eta Zuzenbide Estatua errespetatzeko deia egiten dugu", idatzi du sare-sozialetan.

Hego Amerikako herrialde garrantzitsuenek eta Estatu Batuek ere salatu egin dute egin dute gertatutakoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Latinoamerika Bolivia