Mundua -
Hauteskundeak Frantzian
Ultraeskuinak gertu izango luke gehiengo absolutua Frantzian, hauteskunde inkesten arabera
Le Pen-en RNk eta aliatuek botoen % 36 lortuko lukete, 250-280 diputaturekin; gehiengo absolutua 289koa da. Ezkerreko Fronte Popular Berria bigarren izango litzateke, % 27rekin (150-170 eserleku), eta alderdi makronista, hirugarren, botoen % 20 eta 90-110 diputaturekin.
Agentziak | EITB Media
Frantzia hauteskunde legegileen lehen itzulirako kanpainaren azken txanpan sartu da, eta RN edo Bilgune Nazionala ultraeskuindarra jotzen dute inkestek garaile. Gainera, gertu izango lukete Batzar Nazionaleko gehiengo absolutua, igande honetan zabaldutako azken inkestaren arabera.
Igandeko lehen itzulitik zazpi egunera, Tribune du Dimanche eta BFMTVk zabaldu duten Elabe inkestaren arabera, RN ultraeskuindarrak eta haren eskuineko aliatuek botoen % 36 lortuko lukete, 250-280 diputatu. Goitik joz gero, 289ko gehiengo absolututik gertu geratuko litzateke.
Ezkerreko Fronte Popular Berria bigarren izango litzateke, botoen % 27rekin (150-170 eserleku), eta egungo gehiengo makronistak hirugarren postuan jarraitzen du, atzerago, botoen % 20 eta 90-110 diputaturekin.
Errepublikanoak (LR) alderdi kontserbadorea % 10ean geratuko litzateke, eta 35 eta 45 diputatu lortuko lituzke.
Dena den, zaila da Frantzian lehen itzuliaren aurretik eserlekuen kalkuluak egitea, ezin baita jakin zein bi alderdi igaroko diren diputatua aukeratzen duten 577 barrutietako bakoitzean bigarren txandara, eta asko alda litezke kopuruak.
Hala ere, ziurtzat jotzen dena parte-hartzearen igoera da, izan ere, galdetutakoen % 60k dio bozkatzera joango dela, bai ala bai. .
Hilaren 9ko Europako hauteskundeetan, parte-hartzea % 51,49koa izan zen, eta 2022ko hauteskunde legegileen lehen itzulian, % 47,5ekoa.