Mundua -
Gaza, erasopean
Gutxienez 13 pertsona hil ditu Israelek Gazako kanpaleku baten aurkako beste bonbardaketa batean
Gazako Zerrendaren aurkako erasoaldiak ez du etenik, eta beste 13 hildako izan dira Nuseirateko errefuxiatuen kanpamenduan. Horrekin batera, Wafa agentzia palestinarrak Bureijeko errefuxiatuen kanpalekuaren aurkako beste bonbardaketa baten berri eman du ere, baina ez da biktimen kopurua zehaztu.
EITB MEDIA
Wafa agentziak aditzera eman duenez, gutxienez 13 pertsona hil dira Nuseirateko errefuxiatuen kanpalekuan, Gazako Zerrendaren erdigunean, Israelek egindako bonbardaketa berri baten ondorioz. Horrekin batera, agentzia berak Bureijeko errefuxiatuen kanpalekuaren aurkako bonbardaketa baten berri eman du ere; horretan, aldiz, ez da biktimen kopurua zehaztu.
Gazako Zerrendaren aurkako erasoaldiak ez du etenik; izan ere, gutxienez beste 13 hildako izan dira puntu ezberdinetan izandako bonbardaketen ondorioz.
"Anbulantziak taldeek zortzi hildakoren gorpuak eta hainbat zauritu aurkitu dituzte Al Rai familiaren etxearen aurkako erasoaren ondorioz", azaldu du Palestinako agentziak. Gainera, merkataritza-lokal batzuen aurkako bonbardaketak izan dira ere, eta, bertan, beste bost gorpu aurkitu dituzte "hondakinen artean".
Azkenik, hirugarren eraso bat erregistratu dute Bureij errefuxiatuen kanpalekuan, baina ez dute biktimen kopurua zehaztu.
Horrenbestez, Wafak Israelgo Armadak nekazaritza-lurren aurkako erasoak egin dituela salatu du, Nuseirat iparraldean eta Gazako Tal al Hawa eta Zeitun auzoetan. Horrekin batera, militarrek Rafah hiriaren aurkako operazioek bere horretan jarraitzen dute, Egiptorekin muga egiten duen Gazako Zerrendaren hegoaldean.
"Denbora amaitzear da"
Benny Gantz oposizioko buruzagi israeldarrak adierazi duenez, "denbora amaitzen ari da" Libanoko mugan dauden gatazkei amaiera emateko akordio bati dagokionez.
Hala ere, Gantzek edozein erabaki politiko edo militar babestuko duela azpimarratu du: "Hezbolak Israelgo iparraldeko herritarrentzat suposatzen duen mehatxuarekin amaitzeko dudan konpromisoa azpimarratu dut eta, Gazako gatazkaren inguruko gertaerak alde batera utzita, Gobernuaz kanpotik hartutako edozein erabaki politiko edo militar arduratsu eta eraginkor babestuko dut".
Tentsioek gora egiten jarraitzen duten bitartean, Netanyahuk Israelgo Armada gune horretan "ekintza boteretsu bat egiteko prest" dagoela adierazi du.