Mundua -

Mehatxu nuklearra

Arma nuklear gehiago zabaltzea aztertzen ari da NATO

Errusiako eta Txinako mehatxuaren aurrean, armak biltegietatik ateratzeko kontsultak egiten ari dira NATOko kideak, Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak iragarri duenez. Bestalde, berri horrek "gatazka areagotzea" dakarrela ohartarazi du Kremlinek.

Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusia. Argazkia: EITB MEDIA
Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusia. Argazkia: EITB MEDIA
Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusia. Argazkia: EITB MEDIA

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bere biltegietatik arma nuklear gehiago ateratzea eta balizko zabaltze baterako prest izatea aztertzen ari da NATO, Telegraph kazeta britainiarrari eskainitako elkarrizketan Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak iragarri duenez. Stoltenbergen esanetan, armategi nuklearra disuasio-neurri gisa erabiltzeari buruz hitz egiten egon dira NATOko kideak.

"Ez naiz operazio-xehetasunetan sartuko zenbat ojiba nuklear izan beharko genituzkeen erabilgarri eta zenbat gordetzeko prest, baina horren inguruan erabaki behar dugu, eta hori da, hain justu, egiten ari garena", adierazi du.

"Arma nuklearrik gabeko mundua da NATOren helburua, noski, baina armak existitzen diren bitartean, aliantza nuklearra izaten jarraituko dugu", gaineratu du. "Mundua arriskutsuagoa da Errusiak, Txinak eta Ipar Koreak bakarrik arma nuklearrak izanda", azaldu du.

Bestalde, Dmitry Peskov Kremlineko bozeramaileak ohartarazi duenez, arma nuklear gehiago zabaltzeak "gatazka areagotzea" dakar.

Arma nuklearrak munduan

Bakerako Ikasketen Stockholmeko Nazioarteko Institutuak (SIPRI) egindako ikerketa baten arabera, gora egin du arma nuklear operatiboen kopurua 2023an, aurreko urteekin alderatuta. Hori horrela, munduko potentziek beren armategia modernizatzen jarraitzen dute, eta munduko arma nuklearren ia % 90 Amerikako Estatu Batuek eta Errusiak  dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Txina Errusia NATO Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra