Mundua -

GAZA, ERASOPEAN

Hamasek zortzi soldadu israeldar hil ditu Rafahn, urtarriletik egindako eraso larrienean

Bestalde, Gazako herritarrek bonbardaketa eta eraso gogorrak jasaten jarraitzen dute, eta krisi humanitarioa areagotu egin da. Azken orduetan 30 palestinar hil ondoren, dagoeneko 37.300 dira hildakoak eta 85.200 zaurituak, horietatik % 70 emakumeak eta haurrak.

Milaka lagun atera dira berriz ere kalera Tel Aviven. Argazkia: EFE
Milaka lagun atera dira berriz ere kalera Tel Aviven. Argazkia: EFE
Milaka lagun atera dira berriz ere kalera Tel Aviven. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelgo Armadak urtarrilaz geroztik Gazan izan duen egunik okerrena izan du larunbatean; izan ere, 8 soldadu hil dira Rafahn izandako leherketa handi batean, ibilgailu blindatu batean zeudela, bonba bat jaurti ondoren horren kontra. Al Qassam Brigadek (Hamas alderdi politikoaren adar armatua) aldarrikatu dute erasoa.

Hildakoen artean Wassem Mahmoud kapitaina (23 urte) zegoen, Israelgo Armadako 601 Ingeniaritza Batailoiko komandanteordea. Gainerakoen izenak oraindik ez dituzte jakinarazi, haien familiek gertatutakoaren berri jaso badute ere, Armadaren komunikatu baten arabera.

Urtarrilaren 22tik Israelgo Armadak jasan duen eraso larriena izan da, egun hartan 21 soldadu hil baitziren bi eraikin erorita.

Yoav Gallant Defentsa ministroak bere doluminak eman ditu X sare sozialaren bidez: "Nire burua makurtzen dut Israelgo herri guztiarekin batera, herriaren eta lurraren defentsan erori diren heroien omenez". "Bazekiten agian bizia eman beharko zutela, baina herrialde honetan bizi ahal izateko egin dute", Israel Katz Atzerri ministroaren hitzetan.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak bideo-komunikatu bat zabaldu du doluminak emateko, eta Zerrendan borrokan jarraitzeko beharra azpimarratu du, "ez baitago garaipena ez den beste alternatibarik".

Guztira, 307 soldadu hil dira Gazan lurreko operazioa hasi zenetik, eta gutxienez 1.500 zauritu dira, Armadaren arabera. Hildakoak 620 baino gehiago dira Hamasek urriaren 7an egindako erasoan hildakoak ere kontuan hartuta.

Milaka israeldarrek Gobernuaren dimisioa eta Hamasekin akordioa eskatu dute berriro

Bestalde, milaka israeldar kalera atera dira berriro larunbat honetan Tel Aviv, Haifa, Beer-Xeba, Rehovot, Zesarea eta Ness Ziona hirietan, beteak beste, Gobernuaren dimisioa eskatzeko eta bahituak askatzeko akordioa lortzeko eskatzeko. Guztira 60 hiritan izan dira protestak.

Protestetan, Desagertuen Familien Foroak ere hartu du parte. Bahituen familia batzuk ordezkatzen dituen elkarte horrek Hamasekin su-etena egiteko eskatzen du.

Gazako krisi humanitarioa areagotu egin da

Gazako herritarren kontrako bonbardaketa eta eraso gogorrek etenik gabe jarraitzen dute, eta krisi humanitarioa larriagotu egin da. Azken orduetan, 30 pertsona hil dituzte. Jada 37.296 dira hildakoak eta 85.200 zaurituak, horietatik % 70 emakumeak eta haurrak.

Larunbat goizaldean, Ameriketako Estatu Batuetako Komando Zentralak (CENTCOM) jakinarazi du laguntza humanitarioa sartzeko Gazan jarri zuen kaia kendu behar izan dutela, aldi baterako, marea altuak aurrikusi baitituzte; izan ere, arriskutsua zen bertako langileentzat eta egitura bera berriro ere suntsitzeko arriskua zegoen.

Egun batzuk lehenago, Elikagaien Munduko Programak (PMA) ere iragarri zuen kai horretako jarduerak bertan behera utzi dituela segurtasunagatik, Israelgo Armadak inguru horiek erabiltzen zituelako operazioetarako. Azkena, Nuseiraten 274 palestinar hiltzea eta lau bahitu erreskatatzea ekarri zuen operaziorako.

"Sarbide humanitarioaren etengabeko murrizketak direla eta, Gazako bizilagunek goseteari aurre egiten jarraitzen dute. 50.000 haurrek baino gehiagok muturreko desnutriziorako tratamendua behar dute", jakinarazi du X sarean errefuxiatu palestinarrentzako NBEren agentziak (UNRWA). Atzo 40. umea hil zen desnutrizioaren ondorioz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Ekialde Hurbila Hamas Benjamin Netanyahu