Mundua -

Bigarren eguna

Aita santua, Milei eta Lula da Silva izango ditu protagonista G7aren goi-bileraren bigarren egunak

Immigrazioarekin lotutako saio batekin abiatuko dute gaurko bilera. Aita santu batek foro horretan parte hartzen duen lehenengo aldia izango da.

G7aren lehen saioa. Argazkia: EFE
G7aren lehen saioa
G7aren lehen saioa. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantzisko aita santua, Argentinako presidente Javier Milei eta Brasilgo buru Luiz Inacio Lula da Silva izango ditu protagonista G7aren urteroko goi-bileraren bigarren egunak. Munduko zazpi demokrazia industrializatuenak Italiako Apulia eskualdean daude bilduta.

Gaurko jardunari 09:30ean ekingo diote (07:30 GMT), Borgo Egnazia hotelean, immigrazioaren afera mintzagai hartuta.

Oraingoan, gainera, Alemaniak, Kanadak, AEBk, Frantziak, Italiak, Japoniak eta Erresuma Batuak —G7a osatzen duten herrialdeak— mundura zabaldu nahi dute, eta horretarako "hegoalde globaleko" hainbat herrialde gonbidatu dituzte; Recep Tayyip Erdogan agintari turkiarra edo Indiako lehen ministro Narendra Modi, esaterako.

Horien artean egongo da Argentinako presidentea ere. Italiako lehen ministroak, Giorgia Meloni ultraeskuindarrak, egin dio gonbita. Lula da Silvak ere hartuko du parte, G20aren txandakako presidentea baita (saioa 11:00etan hasiko du).

Bestalde, esan bezala, Frantzisko aita santua ere izango da gaurko saioan. Aita santu batek foro horretan parte hartzen duen lehenengo aldia izango da.

13:30ean (11:30 GMT) helduko da bertara, eta Adimen Artifizialari, Energiari, Afrikari eta Mediterraneoari buruzko saio batean arituko da. Halaber, bakeari buruz hitz egiteko asmoa ere baduela aurreratu du.

Gainera, gutxienez beste hamar batzar egingo ditu Frantziskok: Lula da Silvarekin, AEBko presidente Joe Bidenekin, Frantziako presidente Emmanuel Macronekin eta Kanadako lehen ministro Justin Trudeaurekin, besteak beste.

Volodimir Zelenski presidente ukrainarrarekin berba egiteko intentzioa ere badu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Aita santua Eguneko albisteak Albisteak Brasil Italia Latinoamerikako albisteak Argentina G7 goi-bilera Alderdi ultrakontserbadoreen azken ordukoa