Mundua -

Argentina

Senatuak boto bakar baten aldearekin onartu du Mileiren proiektu nagusia

'Omnibus legeak' kontrako 36 boto eta aldeko 37 jaso ditu, Goi Ganberako presidentearen kalitatezko botoa barne. Kalean milaka manifestarik protesta egin dute, eta Mileik "terroristatzat" jo ditu.

Poliziak Buenos Aireseko (Argentina) kaleetan. Argazkia: EFE
Poliziak Buenos Aireseko (Argentina) kaleetan. Argazkia: EFE
Poliziak Buenos Aireseko (Argentina) kaleetan. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Argentinako Senatuak Oinarriak Javier Mileiren Gobernu ultraeskuindarraren lege-proiektu nagusia onartu du gaur gauean, "eredu ekonomiko eta sozialaren eraldaketa sakonerako" lege-esparrua ezartzen duena. Mileik segurtasun indarrak zoriondu ditu protestak erreprimitzeagatik, eta manifestariak "talde terroristatzat" jo ditu.

Hamaika orduko eztabaida etengabearen ondoren, eta kalean milaka manifestari aurka agertu diren bitartean, Argentinarren Askatasunerako Oinarriak eta Abiapuntuak legeak, 'omnibus legea' izenez ere ezagutzen denak, 36 boto jaso ditu kontra eta 37 alde, Victoria Villarruel Goi Ganberako presidente eta Errepublikako presidenteordearen kalitatezko botoa barne. 14 atxilotu eta hainbat zauritu izan dira kaleetan, tartean bost diputatu ospitaleratu egin dituzte piperbeltz gasaren eraginez.

Ekimena Gobernuak aurkeztu zuen, herrialdea ultraliberalismo ekonomikoan oinarrituta "modernizatzeko eta dinamizatzeko" eta Estatuak ekonomian duen rola murrizteko funtsezko pieza gisa, eta Diputatuen Ganberako tramitea gainditu zuen jadanik. Senatuan izapidetzen den bitartean ekimena aldatzen bada, Behe Ganberara itzuliko da, eztabaidatu eta behin betiko onartzeko.

Bozketaren emaitzaren berri izan dutenean, Kongresuaren atarian zeuden ehunka manifestarik Poliziari aurre egin diote, harriak jaurtiz eta barrikadak jasoz. Jendarmeek gomazko balak jaurtiz eta gas negar-eragileak erabiliz erantzun diete, egunean zehar izandako istiluak errepikatuz.

Auto bat sutan, Buenos Aireseko kaleetan. Argazkia: EFE

Erronka esanguratsua zen La Libertad Avanza eskuin muturreko alderdiarentzat, Parlamentuan gutxiengoa baita. 72 senatarietatik, erdiek alde bozkatuko zutela aurreikusten zen, eta beste erdiek aurka, nahiz eta ordezkari batzuen botoari buruzko zalantza batzuk egon. Azkenean, Ganberako presidentearen kalitatezko botoak desegin du berdinketa.

Legeak ia urte erdi darama Parlamentuan tramitatzen. Gutxiengoan, ultraeskuin ofizialistak jatorrizko proiektuaren hainbat puntu ezabatu eta aldatu behar izan zituen. Hainbat aldaketa egin ondoren, ekimena apirilaren amaieran onartu zuten Diputatuen Ganberan, aldeko 142 botorekin, kontrako 106rekin eta 5 abstentziorekin.

Senatuan eztabaidatzea lortzeko, ofizialismoak aldaketa gehiago onartu zituen. Orain, Goi Ganberak proiektua onartu ondoren, egitasmoa Behe Ganberara itzuli beharko da azken eztabaidarako.

Ekimen honek Estatuaren erreforma, enpresa batzuen pribatizazioa, lan eta erretiro legediaren aldaketak ahalbidetzen ditu, eta energia eta hidrokarburoen sektorerako pizgarriak eta inbertsio handiak aurreikusten ditu. Proiektu horrekin batera, Senatuak kapital-zuriketa eta zerga- eta aduana-luzamendua baimentzen dituen pakete bat ere onartzen du.

Mileik "ipotx komunista" deitu dio Buenos Airesko gobernadoreari

Mileik, Polizia eta Jendarmeria manifestariak erreprimitzen ari ziren bitartean, "kaleetan hildakoak botatzeko metodologia" erabiltzea leporatu dio oposizioari, eta Axel Kicillof Buenos Airesko gobernadoreari "ipotx komunista" deitu dio.

Presidente ultraeskuindarrak Patricia Bullrich Segurtasun ministroa goraipatu du, eta "zorionez" Argentinak "kalea txukuntzen ari den ministro handia" duela esan du, La Nacion egunkariak jaso duenez.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Latinoamerika Argentina Ultraeskuina