Mundua -
Ekialde Hurbila
Jordanian konferentzia humanitarioa egingo dute gaur, Gazarako premiazko plan bat adosteko xedearekin
NBEko datuen arabera, 1,11 milioi pertsona, Gazako biztanleriaren erdia gutxi gorabehera, gosete maila "katastrofikoa" pairatzen ari dira.
Agentziak | EITB Media
Jordaniako Itsaso Hilak nazioarteko konferentzia bat hartuko du gaur, erresuma haxemiak, Egiptok eta Nazio Batuen Erakundeak (NBE) antolatuta, nazioarteari dei egiteko eta Gazan erantzun humanitarioa emateko premiazko egitasmo bat adosteko helburuarekin.
Goizean lantaldeak bilduko dira, eta "laguntza-kanalei eusteko eta zibilei laguntza eta babesa segurtasunez emateko baldintza egokiak sortzeko beharrezkoak diren inplikazio operatiboak eta baliabideak aztertuko dituzte". Ondoren, topaketako protagonisten hitzaldiak eta goi-mailako bilera izango dira, eta antolatzaileen prentsaurreko batekin amaituko da.
Abdala II.a Jordaniako erregeak, Antonio Guterres NBEko idazkariak eta Abdelfatah al Sisi Egiptoko presidenteak hitzaldiak emango dituzte konferentziako anfitrioi gisa. Bertan, 75 herrialdetako estatuburu eta gobernuetako ordezkariek hartuko dute parte, tartean Espainia, Kolonbia eta Mexiko, besteak beste.
Espainiako Gobernuko presidentea, Pedro Sanchez, Husein bin Talal Errege Konbentzioen Zentroan (Itsaso Hila) egingo den konferentzia honetan parte hartuko duela baieztatu duten politikarietako bat da.
Antolatzaileen arabera, konferentziak "nazioarteak hondamendi humanitarioari ematen dion erantzuna indartzeko moduak" identifikatuko ditu, baita behar operatiboak eta logistikoak, eta horretarako behar diren laguntza motak ere.
Goi-bilera honen xede nagusia krisi humanitarioari dagokionez "lekuan bertan berehalako beharrak asetzeko neurri praktikoei buruzko adostasuna" lortzea da.
Gosea
NBEko datuen arabera, 1,11 milioi pertsona, Gazako biztanleriaren erdia gutxi gorabehera, gosete maila "katastrofikoan" daude.
Gazako Osasun Ministerioaren arabera, gutxienez 37 gazatar hil dira malnutrizioaren eta deshidratazio larriaren ondorioz urriaren 7tik, gehienak Zerrendako iparraldean zeuden haurtxoak.
Israelek etenik gabe egindako zortzi hilabeteko erasoaldian, Gazako mugako zazpi pasabideetatik bi bakarrik egon dira zabalik, baina etenaldi luzeekin: Kerem Shalom eta Rafaheko bidegurutzea, hegoaldean.
20 agentzia humanitariok, tartean Oxfamek eta Munduko Medikuek, duela gutxi salatu zuten AEBek instalatutako kaiak, janaria airetik jaurtitzeak edo iparraldean sarbide berriak irekitzeak "eragin txikia" izan dutela laguntza areagotzeko orduan.
Konferentziaren antolatzaileen arabera, orain "paradigma aldaketa bat behar da Gazan berehalako su-etena bermatzeko, bahitu guztiak askatzeko, laguntza humanitario nahikoa oztoporik gabe sartzeko eta nazioarteko zuzenbidearen araudiak betetzeko, nazioarteko zuzenbide humanitarioa barne".
Halaber, antolatzaileek gogorarazi dute Gazan laguntza humanitarioak "presio handia" jasan behar izan duela, NBEren errefuxiatuentzako agentziaren (UNRWA) "ezinbesteko operazioak arrisku larrian" jarri direlako, Israelgo Gobernuak erakundearen aurka egindako akusazioengatik, batere frogarik aurkeztu gabe.