Mundua -
Ameriketako Estatu Batuak
Blinkenek Hamasi presioa egiteko eskatu die Ekialde Hurbileko gobernuei, Gazan su-etena onar dezan
Horrela, AEBko Estatu idazkariaren hitzetan, "Israelgo Gobernuaren jarrera ofiziala" su-eten proposamen hori onartzea da, eta orain arte onartu ez duen "alde bakarra" Hamas dela azpimarratu du. "Akordiorik ez badago, ez da laguntza humanitariorik sartuko", ohartarazi du.
Agentziak | EITB Media
Antony Blinken AEBko Estatu idazkariak Hamasi presioa egiteko eskatu die Ekialde Hurbileko gobernuei, Gazako su-eten proposamena onar dezan; izan ere, Hamas da orain "oztopo" bakarra.
"Eskualdeko gobernuei nire mezua hau da: su-etena nahi baduzue, Hamasi presioa egin baietz esateko. Gazako palestinarren sufrimendu izugarria arindu nahi baduzue, egin presio Hamasi baietz esateko "Joe Biden AEBko presidenteak iragarritako eta Israelek onartutako su-eten proposamenari", adierazi du Blinkenek Kairoko aireportuan, Israelera bidaiatu aurretik.
Blinkenen ahotan, Gazan hildako zibil gehiago ez egoteko "modu bakarra" AEBko presidenteak aurkeztutako su-eten proposamena onartzea da. Hamasek "oraindik ez dio erantzun", erantsi duenez.
Orain arte onartu ez duen "alde bakarra" Hamas dela errepikatu du: "Ikusiko dugu Hamasek gatazkari amaiera eman nahi dion ala ez (...) Badirudi mundu guztiak babesten duela proposamena. Galdera da ea Hamasek hori onartuko duen", esan du Kairoko aireportuan, Abdelfatah al Sisi Egiptoko presidentearekin bildu ostean.
Hala, Blinkenek uste du "Israelgo Gobernuaren jarrera ofiziala" su-eten proposamen hori onartzea dela, eta "hori oso garrantzitsua zen aurrera egiteko", baina onartu du "ulergarria" dela "ezkortasuna" egotea, erakunde islamistak oraingoz erantzun ofizialik eman ez duelako.
"Akordiorik ez badago, ez da laguntzarik egongo", ohartarazi du, laguntza humanitarioari erreferentzia eginez.
37.000 hildako baino gehiago
Bitartean, Israelen erasoek hildakoen kopurua 37.124ra igo da gaur Gazan, gehienak emakumeak eta haurrak, eta 84 712 palestinar zauritu ditu Armada sionistak zortzi hilabete baino gehiago iraun duen erasoaldi suntsitzaile baten ostean, Zerrendako Osasun Ministerioak gaur jakitera eman duenez.
Bestalde, Jordaniak konferentzia humanitarioa hartuko du asteartean, erresuma haxemiak, Nazio Batuen Erakundeak eta Egiptok antolatuta. Bertan, 70 herrialde baino gehiagotako estatuburuek eta ordezkariek eta nazioarteko erakundeek parte hartuko dute.