Mundua -

ALDEBIKO TOPAKETA

Macronek eskerrak eman dizkio Bideni Europako aliatuekiko duen "errespetuagatik eta leialtasunagatik"

"Putin ez da Ukrainan geldituko. Europa osoa mehatxatuko du, eta hori ez dugu onartuko. Estatu Batuak Ukrainarekin egongo dira, gure aliatuekin batera", adierazi du AEBko presidenteak.

Biden eta Macron topaketa amaierako agerraldian. Argazkia: EFE
Biden eta Macron topaketa amaierako agerraldian. Argazkia: EFE
Macronek Biden hartu du Garaipenaren Arkuan, aldebiko bisitaren hasieran

0:40

AGENCIAS | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Goizean Garaipenaren Arkuan egindako ekitaldiaren ostean, lan-bazkaria egin dute Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eta Joe Biden AEBkoak, eta ondorengo prentsaurrekoan, Macronek eskerrak eman dizkio Bideni Europako aliatuekiko duen "errespetuagatik eta leialtasunagatik".

"Eskerrak ematen dizkizut munduko lehen potentziaren presidentea izanda europarrenganako erakusten duzun errespetuagatik", esan dio Macronek Eliseo Jauregian, kazetarien aurrean baina galderarik onartu gabe egin duten agerraldian.

Bi estatuburuek sintonia agertu dute Ukrainako eta Gazako gatazken inguruan, baita Txinarekiko desberdintasun komertzialen inguruan ere.

Bide batez, amaitutzat eman dute 2021ean bi herrialdeen artean piztu zen gatazka diplomatikoa, AEBk Australiarekin itsaspeko nuklearren kontratu bat sinatu zuenean, hark aurrez Frantziarekin egina zuena ezeztatuz.

Bidenek Donald Trump errepublikanoarekin lehia bizia du une honetan, azaroan izango diren hauteskundeen harira, eta bere herrialdeak Europa babesten izan dezakeen papera nabarmendu du, Trumpek ezarri zuen distantziatik ezberdinduz.

"Putin ez da Ukrainan geldituko. Europa osoa mehatxatuko du, eta hori ez dugu onartuko. Estatu Batuak Ukrainarekin egongo dira, gure aliatuekin batera, Frantziarekin batera", adierazi du buruzagi estatubatuarrak.

Bestalde, Macron eta Biden pozik agertu dira Hamasek urriaren 7an bahitutako lau pertsona askatu dituztelako, eta, era berean, ados agertu dira "Iranek Israel mehatxatzeari uzteko eta eskualdea ezegonkortzeari uzteko beharrezko presioa" egitearekin.

Agerraldiaren ostean, bi buruzagiek negozio bilera izan dute, eta eguna gala-afariarekin amaituko dute.

Macron y Biden con sus respectivas parejas. Foto: EFE

Bidenek eta bere emazteak Frantziara egin duten Estatu bisitaren lehen ekitaldia Macronekin eta haren emaztearekin Garaipenaren Arku ikonikoan egindako zeremonia izan da goizean.

Ekitaldian, Macronek eta Bidenek "soldadu ezezaguna" omentzeko sugarra piztu dute. Lehen Mundu Gerran (1914-1918) hildako soldadu frantziarrak omentzen ditu oroigarriak.

Aldebiko topaketa ofiziala larunbat honetan egin duten arren, buruzagi estatubatuarra asteazkenean, ekainaren 5ean, iritsi zen Frantziara, Normandiako Lehorreratzearen 80. urteurrenaren ekitaldietan parte hartzeko.

Bidenek igandean amaituko du Frantziako bidaia, Aisne-Marne hilerrian, ipar-ekialdean, lore-eskaintza bat eginez. Bertan daude Lehen Mundu Gerran hildako 2.300 soldaduren hilobiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Europa Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Emmanuel Macron Joe Biden