Mundua -
Gaza, erasopean
Israelgo Armadak urriaren 7tik Hamasen esku zeuden lau bahitu erreskatatu ditu Gazan
Bestalde, Hamasek adierazi duenez, Nuseiraten egindako erreskate operazioan eremuan zeuden beste bahitu batzuk hil dituzte.
agentziak | eitb media
Israelgo Armadak larunbat honetan iragarri duenez, lau bahitu erreskatatu dituzte Nuseirateko errefuxiatu-eremuan, Gazako Zerrendaren erdialdean.
Armadak askatu dituen bahituak Noa Argamani (25 urte), Almog Meir Jan (21), Andrey Kozlov (27) eta Shlomi Ziv (40) dira. Hamasek Nova musika jaialdian bahitu zituen urriaren 7an, Israelgo Armadak zabaldutakoaren arabera.
Hamaseko milizien bi ezkutalekutan egindako operazio batean erreskatatu dituzte. Argamani horietako batean aurkitu dute, eta beste hirurak bigarren ezkutalekutik atera dituzte, onik. Osasun egoera onean daude laurak, baina Ramat Gan hiriko Tel HaShomer auzoko ospitalera eraman dituzte azterketa egitera.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak adierazi duenez, "Israelek ez du amore ematen terrorismoaren aurrean". "Sormenez eta mugarik gabeko adorez jokatzen dugu gure bahituak etxera ekartzeko", esan du.
Netanyahuk, halaber, "bizitzak salbatzeko euren bizia arriskatu duten borrokalari ausartak" nabarmendu ditu, bere bulegoak zabaldutako ohar baten eta argazki baten bidez. "Etorkizunean ere hori egiteko konpromisoa hartzen dugu. Ez dugu etsiko misioa bete eta gure bahitu guztiak etxera itzuli arte, bizirik daudenak zein hildakoak", esan du ministroak.
Israelen erreskate operazioan beste bahitu batzuk hil dituztela esan du Hamasek
Al Qasam Brigadetako Abu Obeida bozeramailearen esanetan, Israelek Nuseiraten egindako erreskate operazioan eremuan zeuden beste bahitu batzuk hil dira.
"Etsaiak bere gatibuetako batzuk askatzea lortu dute sarraski izugarriak eginez, baina, aldi berean, haietako batzuk hil ditu operazio horretan", jakinarazi du komunikatu baten bidez.
Erreskate horren emaitza kontuan izanda, urriaren 7an Hamasek bahitutako 251 lagunetako 116 daude oraindik gatibu Gazan. Horietatik 40 gutxienez hilda daude, Israelen arabera; 70 baino gehiago, Hamasen arabera. Gainera, beste lau bahitu ditu Hamasek duela urte batzuetatik (horietako bi hilda omen daude).
Bahituen erreskateak Benny Gantz Israelgo gerra kabineteko ministroaren agerraldia atzeratzea ekarri du; izan ere, larunbat honetan, 20:40rako (19:40, Euskal Herrian) deitu zituen hedabideak, larrialdiko gobernua uzteko asmoa iragartzeko, antza.
Israelek hainbat bonbardaketa egin ditu Nuseiraten aste honetan, azkena gaur bertan. Oraingoz, gutxienez 210 hildako eta dozenaka zauritu zenbatu dituzte, palestinarren osasun iturrien arabera.