Mundua -

Gazako Zerrenda

Nuseirateko alkatea eta lau lagun gehiago hil ditu Israelek udal eraikin bati eraso eginda

Bitartean, bart jakin da Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk AEBko Kongresuan hitz egingo duela datorren uztailaren 24an.

Nuseirat. Argazkia: EFE
Nuseirat
Nuseirat. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nuseirateko alkate Iyad Al-Maghari eta lau pertsona gehiago hil ditu Israelek, Gazako Zerrendaren erdialdean udal eraikin baten aurka burututako erasoan. Ordu batzuk lehenago, 40 lagun hil ditu, gehienak NBEk palestinar errefuxiatuentzat duen eskola bateko umeak.

Wafa albiste-agentzia palestinarraren eta Al Jazeerako berriemaileen arabera, guztira bost pertsona hil dituzte azken eraso horretan.

Al Mayedeen webguneak ere eman du albistea, eta "martiritzat" jo ditu erasoan hildako lagunak.

Esan bezala, Nuseirateko errefuxiatuen kanpaleku baten kontrako erasoaren ondotik iritsi da atentatua.

Netanyahuk AEBko Kongresuan hitz egingo du

Bitartean, bart jakin da Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk AEBko Kongresuan hitz egingo duela datorren uztailaren 24an.

"Atseginez jakinarazten dizuet Israelgo lehen ministroa uztailaren 24ko bileran izango dela", dio Mike Johnson Ordezkarien Ganberako presidentearen eta Senatuko errepublikanoen buru Mitch McConnellen iragarpenak.

"Israelgo Gobernuak demokraziaren defentsan, terrorismoaren aurka eta bakearen alde duen ikuspuntua ezagutu nahi dugu", oharraren arabera.

AEBko Kongresuko buruzagitzak ostiralean gonbidatu zuen Netanyahu bilera horretara, bi ganberen aurrean "demokraziaren defentsan" eta "terrorismoaren kontrako borrokan" duen ikuspegia ezagutze aldera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Ekialde Hurbila gaur Benjamin Netanyahu