Mundua -

Gaza erasopean

Gutxienez 40 pertsona hil ditu Israelek UNRWAren eskola baten aurka Nuseiraten egindako eraso batean

Israelgo Armadaren arabera, "Hamaseko eta Yihad Islamikoko 20-30 terrorista" ezkutatzen ziren Gazako Zerrendaren erdialdean dagoen NBEren eskola horretan. Gazako Gobernuak, bere aldetik, salatu du hildako gehienak eskolan babesa hartu zuten zibilak direla.

Israelgo Armadaren erasoa Nuseirateko errefuxiatu kanpalekuko UNRWAren eskola baten aurka
Israelgo Armadaren erasoa Nuseirateko errefuxiatu kanpalekuko UNRWAren eskola baten aurka
Israelek UNRWA erakundearen eskola baten aurka egindako eraso batek gutxienez 27 hildako utzi ditu

0:37

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelgo Armadak gutxienez 40 pertsona hil —14 haur eta 9 emakume— eta dozenaka zauritu ditu NBEren Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak (UNRWA) Nuseirateko errefuxiatu kanpalekuan duen eskola baten aurka egindako erasoan, Gazako Gobernuak emandako datuen arabera.

Erasoa baieztatu du Israelgo Armadak eta Gazako Zerrendaren erdialdean dagoen NBEren eskola horretan Hamaseko eta Yihad Islamikoko "terroristak" ezkutatzen zirela argudiatu du. Zehazki, "Hamaseko eta Yihad Islamikoko 20-30 terrorista" ezkutatzen zirela adierazi du Peter Lerner Armadako bozeramaileak, eta ikastetxe horretatik atentatuak antolatzen zituztela erantsi du.

Gazako Gobernuak, bere aldetik, salatu du hildako gehienak eskolan babesa hartu zuten zibilak direla, eta erasoa "sarraski ikaragarria" eta "gizateria lotsatzen duen krimena" dela gehitu du. Zehazki, 40 hildakoetatik 14 haurrak eta 9 emakumeak ziren, eta zaurituen artean erdia baino gehiago haurrak eta emakumeak ziren (23 haur eta 18 emakume).

Wafa Palestinako agentzia ofizialak berri eman duenez, Israelgo hegazkinek 02:15ean misila jaurti dute eskolako goiko solairuen aurka, jendea lotan zegoela.

Azken eraso horretan zauritutakoak Al Aqsa ospitalera eraman dituztela jakinarazi du Gazako Gobernuak, hori baita Gaza erdialdean milioi bat pertsona baino gehiagori arreta emateko martxan dagoen ospitale bakarra.

Philippe Lazzarini erakundeko zuzendariak salatu duenez, erasoa "aldez aurretik abisatu gabe" egin dute. Era berean, "harrigarriak" iruditu zaizkio talde armatuei buruzko adierazpenak. "Eskolak 6.000 desplazatu babesten zituen", azaldu du.

Beste urrats bat Zerrendaren kontrako ofentsiban

Atzo, Israelek lurreko eta aireko operazioak indartu zituen Gazako Zerrendaren erdialdean, gutxienez 75 pertsonaren heriotza eraginez.

Josep Borrell Atzerri Gaietarako eta Segurtasun Politikarako Europar Batasuneko goi-ordezkariak erasoa "modu independentean" ikertzeko eskatu du, Nazioarteko Justizia Gortearen aginduari jarraikiz.

"Gazatik iristen diren txostenek behin eta berriz erakusten dute indarkeria eta sufrimendua errealitate bakarra direla ehunka mila zibil errugaberentzat", esan du.

Ameriketako Estatu Batuek ere "guztiz gardena" izateko eskatu diote Israeli, baina adierazi du ez duela oraindik gainditu Joe Bidenek ezarritako marra gorria, hots, "eskala handiko eraso bat". "Israelgo Gobernuari argi utzi diogu zibilei ahalik eta kalte gutxien egiteko ahalegin guztiak egitea espero dugula", azpimarratu du Matthew Miller bozeramaileak.

Israelek Gazaren aurkako oldarraldia hasi zuenetik gutxienez 36.580 pertsona hil eta 83.000 zauritu ditu, Gazako Osasun Ministerioaren azken balantzearen arabera. Halaber, 10.000 pertsona inguru hondakinen artean harrapatuta daudela kalkulatzen du.

Israel Libanoren aire eremuan sartu da eta Hizbulak misilak jaurti dizkio

Israelgo Estatuaren iparraldeko frontean, Hizbula alderdi xiita libanoarrak misil batzuk jaurti ditu Libanoko hegoaldean sartu diren Israelgo Armadaren borroka-hegazkinen aurka.

"Erresistentzia Islamikoko mujahidinek aireko defentsarako misilak jaurti dituzte gure zeruei eraso egiten zieten etsaien aurkako borroka-hegazkinen kontrako, horiek, haurrak izutzeko ahaleginean, soinuaren hesia hautsi ostean", adierazi du. Israelgo hegazkinek beren mugara itzuli behar izan dute.

Hizbulak jakinarazi duenez, gertakari horri erantzuteko neurri gisa eta Palestinari babesa adierazteko, Israelen aurkako erasoak egin ditu, "zenbait galera" eraginez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Giza eskubideak Zer gertatzen ari da Ekialde Hurbilean? Netanyahu, Israelgo lehen ministroa