Mundua -
Hauteskundeak
Sheinbaum izango da Mexikoko presidente, botoen laurdena zenbatuta alde handiarekin nagusitzen ari baita
Ofizialistak botoen % 60 inguru jaso du, eta Xochitl Galvez opositoreak, % 28 baino ez.
agentziak | eitb media
Claudia Sheinbaum ofizialista alde handiarekin nagusitzen ari da Mexikoko hauteskunde presidentzialen boto-zenbaketan, botoen hiru laurden zenbatuta % 60ko babesa baitu, bertako Hauteskunde Institutu Nazionalak zabaldu duenez. Xochitl Galvez oposizioko hautagai eta aurkari nagusia % 28ko babesera besterik ez da iritsi.
Hauteskunde batzordeak zabaldu duenez, Morena mugimendu ofizialistako hautagaiarenak dira botoen % 60 inguru.
Sheinbaumek eskerrak eman ditu "Mexikoko lehenengo emakumezko presidentea" izango delako, eta litekeena da Kongresuan Konstituzioa berritzeko adina babes eskuratzea.
PANek, PRIK eta PRDk osatzen duten oposizioko blokeko presidentegaiak, Galvezek, berriz, botoen % 28 inguru besterik ez du eskuratu.
Jorge Alvarez Maynez MC oposizioko beste alderdiaren hautagaiaren kasuan, jasotako babesa % 10ra iritsi da.
Mexikon inoizko hauteskunde handienak egin zituzten atzo, eta 98 milioi herritar zeuden deituta 20.000 kargu berritzeko bozetara, tartean presidentea, 500 diputatu, 128 senatari eta bederatzi estatu gobernu.
Indarkeria gehien izan duten hauteskundeak ere izan dira, gutxienez 30 hautagai hil baitituzte prozesuan.
Kontinuismoa
Sheinbaumek, Mexiko Hiriko gobernuburu ohiak, Lopez Obradorren proiektuekin jarraitzea hitzeman zuen kanpainan, eta oposizioak "autoritarismoa" ordezkatzea egotzi zion.
Sheinbaumek Konstituzioa aldatu nahi du Guardia Nazionalaren militarizatzeko, hauteskunde sistema aldatzekoa eta Auzitegi Goreneko kide eta epaileak herritarren bozketa bidez hautatzeko.
"Mexiko anitza, askotarikoa eta demokratikoa" nahi du lehenengo emakumezko presidenteak, eta horren harira, "adierazpen, prentsa, bilera eta mobilizazio askatasunak bermatu" egingo dituela adierazi izan du.