Mundua -

GAZA, ERASOPEAN

Bahituen senideek eta nazioarteko bitartekariek su-etenerako bide-orria onartzeko eskatu diote Israeli

AEB, Egipto eta Qatarren ustez, egitasmoak "alde guztien eskaerak" jasotzen ditu eta "berehalako lasaitasuna" ekarriko luke. Eskuin muturreko alderdiek erantzun dute Gobernua utziko dutela onartuz gero.

Bahituen senideak. Argazkia: EFE
Bahituen senideak. Argazkia: EFE
Manifestazio jendetsuak izan dira berriro Tel Aviven, Hamaseko bahituak aske utz ditzaten eskatzeko

0:44

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gazako Zerrendan bahituta dauden herritarren senideak ordezkatzen dituen plataformak Joe Biden AEBko presidenteak iragarritako bide-orria onartzeko eskatu diote Israelgo Gobernuari.

Plataformak, astero egiten duen moduan, manifestazioak antolatu ditu larunbat honetan bahituen askatasuna ekarriko lukeen akordioa eskatzeko, eta "datozen orduetan Gerra Kabinetearekin eta Parlamentuarekin harremanetan jarriko da, egitasmoa berehala onar dezaten eskatzeko".

Bidenek iragarritako planak (Qatarrek helarazi zion Hamasi) hiru fase aurreikusten ditu bahitu israeldarrak preso palestinarrekin trukatzeko, Israelgo Armada Zerrendatik erretiratzeko eta berreraikitzeko plan bat martxan jartzeko.

Benjamin Netanyahu lehen ministro israeldarraren bulegoak baieztatu du Hamasi su-eten zirriborro bat aurkezteko baimena eman ziela negoziatzaileei, baina argi utzita gerra ez dela amaituko Israelek bere helburu militarrak lortu arte: Hamasen gaitasun militarra eta agintea erabat deuseztatzea.

Talde islamistak, bere aldetik, esan du "positiboa" dela behin betiko su-etena, Armada Zerrendatik ateratzea, Gaza berreraikitzea eta presoak trukatzea bilatzen duen akordioa, eta horren inguruan modu eraikitzailean negoziatzeko prest agertu da.

Manifestazioak

Bien bitartean, bart milaka manifestari atera ziren kalera Israelgo hirietan, Tel Aviven bereziki, bahituak askatzea ahalbidetuko lukeen akordio bat eskatzeko, Netanyahuren dimisioa eta hauteskundeen aurrerapena eskatzeaz gain.

Antolatzaileen arabera, Tel Aviven 120.000 pertsona baino gehiago elkartu ziren, hau da, urriaren 7an gerra hasi zenetik izan den manifestazio jendetsuena izan zen.

Biden. Foto: EFE

Nazioarteko bitartekariak

Bestalde, AEBko, Egiptoko eta Qatarko agintariek ere Bidenen bide-orrian oinarritutako akordio bat lotzeko deia egin diete Israelgo Gobernuari eta Hamasi.

"Gazan su-etena lortzeko eta bahituak eta atxilotuak libre uzteko eztabaidetan bitartekari garen heinean, AEBk, Egiptok eta Qatarrek Bidenek 2024ko maiatzaren 31n iragarritako printzipioak jasotzen dituen akordioa burura eramateko eskatzen diegu Hamasi eta Israeli", jaso dute AEBko Estatu Departamentuak zabaldutako adierazpen bateratuan.

Bitartekarien ustez, egitasmoak "alde guztien eskaerak" jasotzen ditu eta "berehalako lasaitasuna" ekarriko luke, "bai Gazako herritarrentzat, bai bertan bahituta daudenentzat eta horien senideentzat".

"Akordio honek su-eten iraunkorrerako eta krisia amaitzeko bide-orria eskaintzen du", komunikatuaren arabera.

Rafah. Foto: EFE

Eskuin muturraren mehatxua

Eskaera horien aurrean, Bezalel Smotrich eta Itamar Ben Gvir Israelgo Gobernuko eskuin muturreko ministroek mehatxu egin dute su-etenerako egitasmoa onartuz gero Gobernua utziko dutela esanez.

Gvir Segurtasun Nazionaleko ministroak (eskuin muturreko kolonoa eta koalizio gobernua osatzen duen alderdietako baten burua) esan du "gobernua desegin" egingo duela Netanyahuk Bidenen proposamena onartzen badu.

"Akordio nahasia da, eta garaipena ematen dio terrorismoari eta arriskuan jartzen du Israelgo Estatuaren segurtasuna", adierazi du agiri batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Bahiketak argazkiak Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Israel Palestina Egipto Manifestazioak Qatar Joe Biden Ekialde Hurbileko albisteak Hamas albisteak Benjamin Netanyahu