Mundua -
HAUTESKUNDEAK
Martxan da bozketa Mexikon, Claudia Sheinbaum faborito dela
Inkestek Sheinbaum eta Galvez jotzen dituzte faborito. Beraz, ezustekorik ezean, lehendabizikoz emakume batek hartuko du Mexikoko Presidentetza. Ia 100 milioi mexikar daude hauteslekuetara deituta, eta 20.000 kargu daude jokoan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
99,5 milioi mexikar daude bozkatzera deituta gaur. Mexikon inoiz egin diren hauteskunderik handienak dira, 20.000 kargu baitaude jokoan. Hautagaiei dagokienez, Claudia Sheinbaum da faborito, Morena (Movimiento de Regeneración Nacional izenarekin ere ezaguna) alderdiaren presidentegaia.
Indarkeriak zeresana eman du kanpainan, martxoaren 1az geroztik 30 bat hautagai hil baitituzte. Harrezkero, ez da Sheinbaumen garaipena zalantzan jarri duen inkestarik argitaratu. Hain zuzen ere, boto-asmoaren % 50 inguru bereganatu du, Xochitl Galvez oposizioko hautagaiari ia 20 puntuko aldea aterata.
Mexikoko hiriburuko alkateak hitzeman du onarpena eta ospea eman dizkion mandatu politikoari eutsiko diola, eta indarkeriaren kontrako borrokan oinarrituko duela bere bide-orria. Aurreko gobernuak pobreziari eta berdintasun ezari azkena ematen saiatu ziren.
Azken asteetan oposizioko hautagai nagusiaren eta Sheinbaumen arteko aldea txikitu bada ere, azken horrek irabaziko omen ditu gaurko hauteskundeak.
Bozkatu ostean, Sheinbaumek esan du herritarrek ez luketela beldurrik izan behar hauteskundeetan parte hartzeko, indarkeria gorabehera.
Xochitl Galvez hautagaiak "beldurrik gabe" bozkatzera ateratzeko ideia partekatu du. "Gure herriaren historian izan den hauturik bortitzena izan da", deitoratu du, baina "jai egun handia" izango dela azpimarratu du, "parte-hartze handiagatik".
Bestalde, Jorge Alvarez Maynezek "harro" bozkatu duela adierazi du, hauteskundeak "bakean" egiteko eskatu du, eta herritarrek aukeratzen dutena errespetatuko duela agindu du.
Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidentea ere botoa ematera joan da bere ondorengoa aukeratzeko. "Benetako demokrazian herriak agintzen du. Gainerako guztia osagarria da. Gaur gauean jakingo dugu mexikarrek libreki zer erabaki duten", idatzi du ordu batzuk geroago X sare sozialean.
Inoizko hauteskunderik handienak
Itzuli bakarrekoak dira Presidentetzarako hauteskundeak Mexikon. Esan bezala, ia 100 milioi mexikarrek dute bozkatzeko aukera gaurko honetan, eta presidentea ez ezik, Kongresu berria ere hautatuko dute boto-emaileek. Diputatuen Ganberako eta Senatuko 630 eserlekuak aukeratuko dituzte, hain zuzen ere, baita ia beste 20.000 kargu ere.
Mexiko Hiriko buruzagitza eta bertako 16 alkatetzak ere daude jokoan, baita Chiapas, Morelos, Tabasco, Guanajuato, Jalisco, Puebla, Veracruz eta Yucatango gobernuak ere.
Igande honetako hauteskundeak ezohiko egoera batean egiten ari dira, aurreikusitakoa betez gero behintzat, emakume bat izendatuko dutelako lehendabizikoz Mexikoko presidente, sei urtez.