Mundua -
Gaza erasopean
Milioi bat pertsonak baino gehiagok ihes egin behar izan dute Rafahtik, Israelen erasoak direla eta
Rafahtik gertu dauden ustezko gune seguruetara ebakuatzeko esan die Israelek palestinarrei, baina toki horietan hainbat eraso egin ditu azken egunotan. Dozenaka pertsona hil dira desplazatuentzako kanpalekuetan, hainbat eraso militarren ostean.
Agentziak | EITB Media
Milioi bat pertsonak baino gehiagok ihes egin behar izan dute Rafah hiritik, Gaza hegoaldean, Israelgo Armadak hilaren hasieran eremu horren aurkako eraso militarra abiatu zuenetik, Juliette Touma Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslarientzako Nazio Batuen Agentziaren (UNRWA) bozeramailearen arabera.
Agentziak ostegun honetan jakinarazi duenez, azken bi egunetan bakarrik, 32.000 pertsona baino gehiago atera dira handik.
Rafahtik gertu dauden ustezko gune seguruetara ebakuatzeko esan die Israelek palestinarrei, baina toki horietan hainbat eraso egin ditu azken egunotan. Dozenaka pertsona hil dira desplazatuentzako kanpalekuetan, hainbat eraso militarren ostean. Israelgo Armadak gaur aitortu du, lehen aldiz, Rafah erdialdean erasoak egiten ari dela.
Israelgo Defentsa Indarrek maiatzaren 6an hasi zuten erasoa Rafahn, nazioarteko presioen, NBEren eta Gazan lanean diharduten erakunde humanitarioei entzungor eginda. Rafahn 1,4 milioi pertsona zeuden eraso horiek hastean, gehienak Zerrendako beste eremu batzuetatik lekualdatuak.
Israelek Rafahko operazioa hasi zuenetik, Egiptorako muga-pasabidea itxita dago, eta hain zuzen ere bertatik pasatzen zen Gazara laguntza humanitarioaren zati handi bat; eta Kerem Shalomeko igarobidetik, berriz -hegoaldean hori ere-, noizean behin baino ez da laguntza pasatzen. Gainera, Israelgo indarrek aurrera egiten jarraitu dute Filadelfia korridorean, Gazako hegoaldeko muga zeharkatzen duen lur-zerrendan.
Egoeraren, borroken hurbiltasunaren eta hornidura eskasiaren ondorioz, ospitaleak eta klinikak itxi beharrean aurkitu dira Tal al Sultan auzoko Amentzako Emirerrietako ospitalearen zati bat baino ez dago martxan hegoaldean, Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera.
Benjamin Netanyahuren Gobernuak argi utzi du erasoekin jarraituko duela inguru horretan, Nazioarteko Justizia Gorteak (CIJ) agindutako neurriei jaramonik egin gabe.
Biktimen azken balantzea
Gazako osasun agintariek jakitera eman dutenez, azken 24 orduetan Israelek egindako bonbardaketen ondorioz 60 pertsona hil dira eta 280 zauritu. Urriaren 7tik Israelek 36.284 pertsona hil ditu, gehienak haurrak eta emakumeak, eta 82.057 zauritu. Gainera, 10.000 desagertuen gorpuak hondakinen azpian lurperatuta jarraitzen dutela uste da.
Gainera, 519 pertsona (tartean 130 adingabe) hil dira Zisjordanian, armadaren eta kolonoen erasoetan, urriaren 7tik, eta 5.000 inguru zauritu dira.
Urriaren 7az geroztik, 1.139 israeldar hil dira Hamasen erasoen ondorioz, 8.700 zauritu dira, eta dozenaka pertsona daude oraindik desagertuta, Hamasen eskuetan.
Jabaliatik atera da Israel, den-dena suntsitu ostean
Israelgo Armada Gazako Zerrendako iparraldean dagoen Jabalia ingurutik erretiratu da gaur, operazio militarra amaitutzat eman ostean.
Gazako erasoaldiaren hasieran, bertan gogor jardun bazuen ere, gerora alde egina zen handik Israel. Baina, maiatzaren hasieran ekin zuten berriro Israelgo indarrek errefuxiatuen kanpamendu horretan erasoak egiteari, esan zutenez, Hamasko milizianoak bertan atzera batzen ari zirela susmatu zutelako.
OME: "Haurrak goseak daude"
Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) ostiral honetan jakinarazi duenez, Gazako nutrizio-egoerari buruzko azken ebaluazioak agerian utzi du haurrak gosea pairatzen ari direla, batez ere, laguntza humanitarioa ez delako zibilengana iristen ari.
Azterketak egiaztatu duenez, elikadura osasuntsuaren oinarria osatzen duten zortzi elikagai multzoetatik, sei eta 23 hilabete bitarteko adingabeen % 95ek "bi taldetako edo gutxiagoko" elikagaiak kontsumitzen dituzte, eta, are okerrago, galdetutako haurren % 85ek ez zuten ezer jan aurreko hiru egunetako gutxienez batean, Margaret Harris OMEko bozeramaileak jakitera eman duenez.
Nazio Batuen Erakundeko Laguntza Humanitarioa Koordinatzeko Bulegoak (OCHA) baieztatu duenez, "oso laguntza gutxi" mugitzen ari da Gaza barruan, eta kopuruak "gosete bati aurre egiteko eta ikusten ari garen izugarrikeria guztiak saihesteko behar denetik oso urrun daude".
"Behin eta berriro diogu Israelen betebehar legalak (nazioarteko zuzenbidearen arabera) ez direla mugan edo laguntza deskargatzen den tokitik metro batzuetara amaitzen, gero laguntzaile humanitarioei laguntza hori borroka aktiboko eremuetan zehar garraiatzera behartuz", adierazi du Jens Laerke OCHAko bozeramaileak.
"Argi esango dugu, laguntza ez da jendearengana iristen ari eta hau larria da. Laguntza gehiago behar dugu eta, jakina, alde guztiek beren betebehar legalak betetzea exijitzen dugu... hori da egin behar dutena ", amaitu du.