Mundua -
Titular nagusiak
Albiste izango dira: Trump, errudun, Tabakorik Gabeko Mundu Eguna, eta Zumaiako epaiketa
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko maiatzaren 31n, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Trump, errudun: Donald Trumpen aurkako lehen epaiketa penalean epaimahaikide izan diren hamabi kideek errudun jo dute AEBko presidente ohia, Stormy Daniels aktore pornoaren auziagatik. Aho batez erabaki dute hari egotzitako 34 karguengatik errudun deklaratzea, frogatutzat eman baitute Stormy Daniels aktorearen isiltasuna erosi zuela. Epaiketa penal batean errudun jo duten AEBko lehen presidente ohia da. New Yorkeko epaimahaiaren erabakia da aipatutakoa, baina behin betiko epaia uztailaren 11n iritsiko da
- Tabakorik Gabeko Mundu Eguna: Tabakorik Gabeko Mundu Eguna da gaurkoa, eta horren harira, Eusko Jaurlaritzak sentsibilizazio kanpaina abiatu du bapeatzeak osasunean dituen arrisku larriez ohartarazteko. Izan ere, azken sei urteetan laukoiztu egin da zigarro elektronikoen, berotze bidezko tabakoaren eta bestelako gailuen erabilera Euskal Autonomia Erkidegoan, eta lautik bat 15 eta 21 urte bitarteko gazteak dira, Eusko Jaurlaritzak zabaldutako datuen arabera.
- Zumaiako epaiketa: Gaur hasiko da Gipuzkoako Lurralde Auzitegian Zumaiako adineko baten zaintzailearen aurkako epaiketa, emakumea hiltzea egotzita. Gaur osatuko dute herri epaimahaia, eta epaiketa ekainaren 10era arte luzatuko da. Fiskaltzak 22 urteko espetxe-zigorra eskatu du auzipetuarentzat, eta hildakoaren familia ez da akusazio partikular gisa aurkeztu auzian.