Mundua -
Palestinaren aitortza
Estatu palestinarra aitortuta, "juduen genozidioa sustatzea" egotzi dio Israelek Sanchezi
Palestinaren kontura esandakoengatik Yolanda Diaz presidenteordea ez kargugabetzea salatu du Israelgo Atzerri ministroak. Are, Sumarren burua Irango lider gorenarekin edo Hamasen buruzagiarekin alderatu du.
Agentziak | EITB MEDIA
Israel Katz Israelgo Atzerri ministroak gogor jardun du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen kontra, horrek Estatu palestinarraren aitortza egin ostean. Katzen esanetan, Sanchez "juduen genozidioa sustatzearen konplizea" da erabakia hartzeagatik, eta Yolanda Diaz presidenteordea ez kargugabetzeagatik.
Diazek egindako adierazpen batzuek Israelen haserrea eragin zuten joan den astean, eta ordutik egunero dabil Katz haren kontrakoak esaten. Palestinako egoera salatzeko bideo batean, Hamasek erabili ohi duen esaldi bat — "Palestina libre izango da ibaitik itsasora" — aipatu zuen Sumarreko buruzagiak, gerora esamolde bat baino ez zela argitu bazuen ere.
X sarean partekatutako mezu batean, harago joan da Katz ministroa eta Ali Jamenei Irango lider gorenarekin eta Yahya Sinwar Hamaseko buruarekin alderatu du Yolanda Diaz. Horren esanetan, Israel desagertzea eta Palestinan "Estatu terrorista" bat eratzea nahi du presidenteordeak.
Sanchezen eta Diazen kontrako adierazpen gogorrak egiteaz gain, ofentsiba diplomatikoa du abian Benjamin Netanyahuren gobernuak. Espainiak Palestina aitortuko zuela iragarri berritan, Madrilgo enbaxadorea kendu zuen Tel Avivek, eta gerora, Diazen adierazpenen aurrean, Espainiako Kontsulatuari palestinarrei zerbitzua ematean galarazi zion.