Mundua -
GAZA, ERASOPEAN
Nazioarteko Justizia Auzitegiak Israeli ezarritako agindua babestea eskatu die Borrellek EBko estatukideei
Bide beretik, Israelek Nazioarteko Auzitegiaren agindua bete dezan, "neurriak" hartzeko eskatuko die Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri Gaietako ministroak bere homologo europarrei.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Nazioarteko Justizia Auzitegiak, joan den ostiralean, Rafahko erasoaldia bertan behera uzteko emandako aginduari entzungor egiten jarraitzen du Israelek, eta azken orduotan 50 pertsona baino gehiago hil ditu desplazatu gune bati eraso eginda. Horren aurrean, Josep Borrell Europar Batasuneko Atzerri Politikarako Goi Ordezkariak dei egin die 27 estatukideei Hagako Auzitegiaren ebazpena babestu eta hori betearazteko neurriak abian jar ditzaten.
Bruselan EBko Atzerri Gaietarako ministroek gaur egin duten bilerara sartu aurretik egindako adierazpenetan, Borrellek esan du Nazioarteko Justizia Auzitegiaren erabakiak betetzen direla bermatzea dela Europako erakunde nagusien egitekoetako bat. "Errespetua agertu bakarrik ez, Auzitegiaren erabakiak betetzea exijitu behar dugu", esan du.
"Ez dugu botere majikorik, baina garrantzitsua da estatukideek duten jarrera zein den jakitea, Auzitegiak emandako aginduen aurrean", zehaztu du.
Ildo beretik mintzatu da Jose Manuel Albares Espainiako Gobernuko Atzerri Gaietako ministroa ere. Esan duenez, bere homologo europarrei eskatuko die "neurri egokiak" har ditzatela, Israelek Hagako Auzitegiaren agindua bete dezan.
Bihar, Palestinako Estatua aitortuko dute Espainiako, Irlandako eta Norvegiako gobernuek, eta gaur hiru herrialdeotako ordezkariek bilera egin dute Bruselan. "Biharkoa egun historikoa izango da gure herrialdeentzat, Ekialde Hurbilean bake iraunkor bat lortzeko bidera hurbilduko gaituena", esan du Albaresek, hitzorduaren aurretik.