Mundua -
Gaza erasopean
Israelek Espainiari: "Inkisizio egunak amaitu dira, gu mintzen gaituena minduko dugu"
Espainiak Estatu palestinarra aitortuko duela iragarri ostean abiatutako ofentsiba diplomatikoarekin jarraitzen du Tel Avivek. Aurrena, kontsultara deitu zuen Espainian zuen enbaxadorea, eta orain, debekatu egin dio Zisjordanian duen kontsulatuari palestinarrei zerbitzua ematea.
Agentziak | EITB Media
Israelgo Gobernuak gogor egin du, beste behin, Espainiako exekutiboaren kontra, eta bera "mintzen" duena "minduko" duela iragarri du, "Inkisizioaren egunak amaitu" direla argudiatuta. Atzerri Ministerioak oharra kaleratu du gaur, ostiralean iragarritako neurria ofizial egiteko. Espainiak Tel Aviven duen kontsulatuak etenda izango ditu aurrerantzean palestinarrekiko loturak.
Israel Katz Atzerri ministroak X sare sozialean kaleratutako mezu batean partekatu du agindua, eta ekainaren 1ean indarrean sartuko dela erantsi. Espainiak Estatu palestinarra aitortuko duela iragarri ostean abiatutako ofentsiba diplomatikoaren enegarren neurria da honakoa.
"Inkisizio egunak amaitu dira. Gaur egun herri juduak Estatu burujabe eta independentea du, eta inork ez gaitu konbertituko edo gu mehatxupean jarriko: gu mintzen gaituena munduko dugu", ohartarazi du.
Katzen esanetan, Israel "ez da isilik geratuko terrorismoa saritzen duen Gobernuaren aurrean eta lelo antisemita errepikatzen duten Pedro Sanchez eta Yolanda Diaz buruzagien aurrean".
"Hamas saritzen dutenek edo Estatu terrorista palestinar bat sortzen dutenek ez dute palestinarrekin harremanik izango", erantsi du Katzek.
Katz ministroa egunero dabil X sare sozialean Espainiaren kontrako mezuak partekatzen. Atzo, esaterako, Estatu palestinarra aitortuko duten herrialdeen (Espainia, Norvegia eta Irlanda) kontrako bideo bana zabaldu zuen. Espainiari zuzendutako grabazioan flamenkoko irudiak eta urriaren 7ko erasoaren irudiak tartekatzen dira, eta Hamasen izenean, eskerrak ematen zaizkio Espainiari. Albares Atzerri ministro espainiarraren ustez, bideoa "eskandalagarria" da.