Mundua -

GAZA, ERASOPEAN

Hegoafrikak Israelen kontra eskatutako neurriei buruzko erabakia bihar jakinaraziko du Nazioarteko Auzitegiak

Hegoafrikak eskatutako kautelazko neurri gehigarrien artean, Rafahko ofentsiba militarra berehala bertan behera uztea dago. 13:00etarako deitu du saioa Hagako Auzitegiak, eta orduan jakingo da erabakia.

Hegoafrikako ordezkariak Nazioarteko Justizia Auzitegiaren aurrean, joan den astean. Argazkia: EFE
Hegoafrikako ordezkariak Nazioarteko Justizia Auzitegiaren aurrean, joan den astean
Hegoafrikako ordezkariak Nazioarteko Justizia Auzitegiaren aurrean, joan den astean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK| EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hegoafrikak Israelen kontra eskatutako kautelazko neurri gehigarrien gaineko erabakia bihar, ostirala, emango du ezagutzera Nazioarteko Justizia Auzitegiak. Israelgo Gobernua Rafahn egiten ari den "operazio militarra berehala bertan behera" uztea eskatu zuen Hegoafrikak, palestinarren kontrako "genozidioa ekiditeko".

Maiatzaren 16an eta 17an egindako audientzia publikoetan entzun zituen Hagako Auzitegiak Hegoafrikaren eskariak. Herrialde horren arabera, "instituzionalizatutako inpunitatea" ari da erabiltzen Israel palestinarrak "suntsitzeko", eta Rafahko erasoaldia "hondamendiaren azken fasea" da.

13:00etarako deitu dute biharko saioa, Hagako Bakearen Epaitegian. Nawaf Salam Nazioarteko Justizia Auzitegiko presidenteak emango du ezagutzera erabakia, bi aldeen argudioak aztertu ondoren.

Iazko abenduan abiatu zuen Hegoafrikak Israelen kontrako auzibidea, Nazio Batuen Erakundearen organo judizial nagusiaren aurrean salaketa jarrita. Gazako Zerrendan genozidio krimenak egitea leporatu zion Israeli, eta kautelazko neurriak eskatu zituen. Horien gaineko ebazpena urtarrilean iritsi zen. NBEren Auzitegiak Gazan genozidioa "saihesteko" ahalik eta neurri gehien hartzeko agindu zion Israeli, baina ez zion eskatu erasoaldia eteteko.

Maiatzaren 10ean berriro jo zuen Hegoafrikak Nazioarteko Auzitegira, Rafahko erasoaldiarekin egoera are gehiago larriagotu zela salatuz, eta neurri gehigarriak eskatu zituen. Bihar ezagutuko da horien gainean epaileek erabakitakoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Nazioartea Justizia Unibertsala Epaiketak Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Eskubide unibertsalak Ekialde Hurbileko albisteak Benjamin Netanyahu