Mundua -
Mexiko
Bederatzi pertsona hil dira eta 80 zauritu Mexikon hauteskunde mitin bateko eszenatoki bat behera etorrita
Lehen datuen arabera, haize zakarrak eragin du ezbeharra. Alvarez Maynez hautagai ofizialista eszenatokira igotzear zen, baina onik atera da. Bere ekitaldi politiko guztiak utzi ditu bertan behera, zauritutakoen egoera gertutik jarraitzeko.
Agentziak | EITB Media
Gutxienez bederatzi pertsona, tartean haur bat, hil dira eta 80 zauritu San Pedro Garza Garcia udalerrian (Nuevo Leon estatua, Mexiko) hauteskunde kanpainako mitin batean eszenatokia behera etorrita.
"Clinica 7 erietxean egon berri naiz eta zoritxarrez biktima kopurua igo egin dela jakinarazi behar dut. Zortzi heldu eta haur bat dira hildakoak. Ospitale horretako zauritutakoak egonkor daude", jakinarazi du Samuel Garcia Nuevo Leoneko gobernadoreak X sare sozialean. "Orain Clinica 12ra noa. Hiru laguni ebakuntza egiten ari diete. Bertatik Unibertsitate Ospitalera joango naiz. Informazioa ematen jarraituko dut", erantsi du.
Haize denboraleak eragin omen du ezbeharra. Mexiko iparraldean 20:00ak zirenean jazo da (02:00etan, Euskal Herrian), ehunka lagun mitinaren aurreko kontzertu batez gozatzen ari zirenean. Hautagai ofizialista taula gainera igotzear zen, baina onik atera da.
"Haize gogorrak eragin du istripua. Jorge Alvarez Maynez Herritarren Mugimenduko presidentegaia, alderdiko buruzagi, hautagai eta militante ugari zeuden bertan", adierazi du Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidenteak X sarean duen profilean.
Lopez Obradorren esanetan, ezbeharraren lekutik heltzen zaizkion berriak "erne" ari da jarraitzen, eta besarkada bana bidali die "biktimen senitarteko eta gertukoei eta alderdiko jarraitzaileei".
Jorge Alvarez Maynez hautagaia bera ere ospitalera eraman dute, baina "ondo" dagoela azpimarratu du. "Orain garrantzitsuena biktimak artatzea da", erantsi du.
Era berean, gaurko aurreikusita zituen ekitaldi politiko guztiak bertan behera utzi ditu. Iragarri duenez, "itzulera hegaldia ere bertan behera utzi dut. Nuevo Leonen geratuko naiz biktimen ingurukoak bertatik bertara jarraitzeko".