Mundua -
Erresuma Batua
Sunakek hauteskunde orokorrak aurreratu eta uztailaren 4rako deitu ditu
Gobernuburu kontserbadoreak hauteskundeak deitu behar zituen urtarrilaren 28a baino lehen, legealdia amaitu baino lehen. Gaur egun, inkesten arabera, laboristak dira hauteskundeak irabazteko faboritoak, botoen % 44 lortuta, kontserbadoreen % 23ren aurrean.
EITB Media
Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministroak hauteskunde orokorrak deitu ditu uztailaren 4rako
Gaur egun, inkesten arabera, laboristak dira hauteskundeak irabazteko faboritoak, botoen % 44 lortuta, kontserbadoreen % 23ren aurrean.
Gainera, duela hiru aste udal-hauteskundeak egin ziren, eta kontserbadoreek emaitza txarrak izan zituzten, bozkatu zen herrietan zinegotzien erdia galduta.
Ustekabeko erabakiaren zurrumurrua egun osoan zabaldu da, eta indarra hartu du David Cameron Erresuma Batuko Atzerri ministroak Albaniatik Londresera lehenago itzultzeko erabakia hartu ondoren.
Sunakek Downing Streeteko 10. zenbakian premiazko ministroen kontseilua deitu du, eta batzarra amaitu ondoren agerraldia egin du.
Cameronez gain, Grant Shapps Defentsa ministroak bidaia bat ordu batzuk atzeratu du kabinetearen hitzordu horretara joan ahal izateko, eta goi-funtzionarioek agendak hustu dituzte.
Gobernuburu kontserbadoreak hauteskundeak deitu behar zituen urtarrilaren 28a baino lehen, legealdia amaitu baino lehen, baina nahi duenean egin dezake, aldeko une politikoa aprobetxatuz.
Euripean, zortzi minutu eskaseko agerraldia egin du lehen ministroak, Charles III.a erregeari uztailaren 4an hautetsontzietara deitzeko asmoaren berri eman diola hedabideei azaltzeko.
II. Mundu Gerraz geroztik Erresuma Batuak bere unerik zailena igaro duela ziurtatu ostean, Sunakek esan du bere Gobernuak egonkortasun ekonomikoa itzuli nahi izan diola herrialdeari, covid pandemiaren ostean.
"Gobernura egonkortasun ekonomikoa aginduz iritsi nintzen, eta ahalegin kolektiboari esker bi mugarri lortu ditugu: gure ekonomia inork aurreikusi baino azkarrago hazten ari da (...) eta inflazioa normaltasunera itzuli da. Horrek erakusten du gure lehentasunak funtzionatzen ari direla", gaineratu du.
Bere kanpainako lehen ekitaldi bihurtu den adierazpen batean, Sunakek adierazi du Erresuma Batuak bere 'torien' eta Keir Starmerren laboristen artean aukeratu beharko duela.
"Starmerrek behin eta berriz erakutsi du beti hartuko duela biderik errazena", nabarmendu du lehen ministroak, bere burua behar denean neurri zailak hartu dituen norbait bezala aurkeztu ostean.