Mundua -

GAZA, ERASOPEAN

Israelek kontsultara deitu ditu Espainian, Irlandan eta Norvegian dituen enbaxadoreak

"Hamas taldeko hiltzaileei urrezko domina ematea erabaki dute", salatu du Israel Katz Israelgo Atzerri Gaietarako ministroak.

Benjamin Netanyahu, Israelgo lehen ministroa, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Benjamin Netanyahu, Israelgo lehen ministroa.
Benjamin Netanyahu, Israelgo lehen ministroa, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Norvegiak, Irlandak eta Espainiak maiatzaren 28an Palestinar Estatua aitortuko dutela iragarri eta berehala heldu da Israelgo Gobernuaren erantzuna. Kontsultara deitu ditu Espainiako, Irlandako eta Norvegiako bere enbaxadoreak.

Zure interesekoa izan daiteke: Zer da enbaxadore bat kontsultara deitzea?

Israel Katz Israelgo Atzerri Gaietarako ministroak izenpetuta, oharra kaleratu du Benjamin Netanyahuren Gobernuak, bere erantzuna zein izango den jakinarazteko. Espainiaren kasuan, Rodica Radian-Gordon Israelek Madrilen duen enbaxadorea deitu dute kontsultara, eta Ana Salomon Espainiak Israelen duen ordezkaria, berriz, bilera batera deitu dute. "Hamas taldeko hiltzaileei urrezko domina ematea erabaki dute", salatu du Katzek.

Ministroak zehaztu duenez, Tel Aviven egingo duten bileran, Hamasek iazko urriaren 7an Israelen kontrako egindako erasoaren irudiak erakutsiko dizkiote Salomoni.

Aurretik igorritako beste idatzi batean, Norvegian eta Irlandan dituen enbaxadoreak deitu ditu kontsultara Israelek. "Irlandak eta Norvegiak mezu argi bat igorri diete palestinarrei eta mundu osoari: terrorismoak merezi du... Palestina Estatu gisa aitortzea, Hamas saritzea da", dio testuak.

Era berean, Etxe Zuriak Espainiaren, Irlandaren eta Norvegiaren erabakiaren aurrean erreakzionatu du, Bidengo Administrazioaren jarrera "aldeen arteko negoziazio zuzenak" direla gogoraraziz.

"Presidentea bi Estaturen irtenbide baten aldekoa da, eta hala izan da bere ibilbide osoan", baina Palestinako Estatu baten aitortza "aldeen arteko negoziazio zuzenen bidez" egin beharko litzatekeela uste du, eta ez "aldebakarrez", esan dio Segurtasun Nazionaleko Kontseiluko bozeramaile batek CNNri.

Hiru herrialde horiek Palestina estatu gisa onartzeko hartutako erabakiari buruz galdetu diotenean, Jake Sullivan Etxe Zuriko Segurtasun Nazionaleko aholkulariak azaldu du "ez duela ulertzen" pauso horrek Ekialde Hurbileko egoera hobetzen nola lagunduko duen, eta herrialde horiei galdetu beharko zaiela "nola lotzen duten euren aldebakarreko aitortza bake prozesuarekin".

"Ez dut ulertzen nola lagundu dezakeen. Esan diezazukedana da uste dugula israeldarrak eta palestinarrak asebeteko dituen bi estaturen irtenbidea lortzeko bide bakarra aldeen arteko zuzeneko negoziazioak direla. Hor jarri ditugu gure ahaleginak, eta horretara bideratu dugu gure lana", nabarmendu du Sullivanek.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Espainiako Gobernua Espainia Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Norvegia Irlanda Ekialde Hurbileko albisteak Benjamin Netanyahu