Mundua -
Gaza erasopean
Israel Gazan egiten ari den erasoaldia "ez da genozidioa", Bidenen aburuz
AEBko presidenteak babesa adierazi dio, beste behin, Israeli eta Hagako fiskalburuaren erabakiaren kontra egin du. Horren arabera, ez dago Israel Hamasekin "alderatzerik".
Agentziak | EITB Media
Joe Biden AEBko presidenteak nabarmendu duenez, Israel Gazako Zerrendan egiten ari dena —ia 36 000 pertsona hil ditu, gehienak zibilak— "ez da genozidioa".
Atzo Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegiko fiskalburuak hartutako erabakiaren kontra egin du, horrenbestez, AEBko buruzagiak. Fiskaltzak Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa eta Yoav Gallant Defentsa ministroa atxilotzeko agindua emateko eskatu zuen, baita Hamaseko beste hiru buruzagi ere. Denei gerra krimenak eta gizateriaren kontrako krimenak egitea egotzi die.
Ekitaldi batean, Israel eta Hamas "alderatzerik ez" dagoela azpimarratu du Bidenek.
Atzo bertan Hagako fiskalak emandako ebazpena "eskandalagarria" zela esan zuen Bidenek, eta beste behin, Israel bazkidea babestu.
Gogora ekarri behar da AEBk eta Israelek ez dutela Erromako Estatutua sinatu. Idatzi hori da, hain justu, Hagako Nazioarteko Auzitegiaren oinarria. Horren arabera, Auzitegiak ezin du inor epaitu bera presente ez badago fisikoki. Atxiloketa, beraz, nahitaezkoa da epaiketa egiteko. Idatzia sinatu duten 123 herrialdeei dagokie balizko atxiloketak egitea, baldin eta Gorteko epaileek fiskalaren eskaerari bide ematen badiote.