Mundua -

Istripua Iran-Ayerbaijan

Ibrahim Raisi presidentea hilda dagoela baieztatu du Irango Gobernuak

Ali Jamenei Irango agintari gorenak bost dolu egun ezarri ditu eta hileta bihar izango dela jakinarazi du. Mohamed Mojber Irango presidenteorde lehena izendatu dute bitarteko presidente, Raisiren ordez.

Erreskate taldeek Iranen istripua izan duen helikopteroan zihoazen guztien gorpuak berreskuratu dituzte

0:14

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ebrahim Raisi Irango presidentea eta Hosein Amir Abdolahian Atzerri ministroa helikoptero istripuan zendu zirela baieztatu du Irango Gobernuak, ohar bidez. 

"Ebrahim Raisi ayatollah eta Irango Errepublika Islamikoko presidentea martiri bihurtu da herriaren zerbitzupean zela. Raisi zihoan helikopteroak istripua izan du baldintza meteorologiko kaskarren ondorioz", irakur liteke Telegram bidez zabaldutako idatzian. 

Raisi presidentea eta Amir Abdolahian ministroa ez ezik, Malik Rahmati Ekialdeko Azerbaijango gobernadorea eta Mohammad-Ali Al-Hashem Tabriz hiriko ostiraletako otoitzen burua ere zendu dira ezbeharrean. Presidentearen segurtasun taldekoak, pilotuak eta helikopteroko gainerako tripulazioa ere hilda daudela zehaztu du Gobernuak. 

Ali Jamenei Irango agintari gorenak bost dolu egun ezarri ditu Raisiren heriotzagatik, eta hileta bihar egingo dutela iragarri, Tabrizen (herrialdearen ipar-mendebaldea). Gaur bertan presidente zenaren aldeko otoitzak egingo dituzte Teheranen eta herrialdeko beste hiri batzuetan. 

Horrez gain, Mohamed Mojber orain arte herrialdeko presidenteorde lehena zena bitarteko presidente izatea onartu du Jameneik. "Konstituzioaren 131. artikuluaren arabera, Mojberrek hartuko du boterea. Gehienez 50 eguneko epean presidente berriaren izena adostu beharko du botere legegile eta judizialarekin", adierazi du Jameneik ohar batean IRNA agentziak jasotakoaren arabera. 

"Gure Raisi maitea nekaezina zen. Zerbitzari zintzo eta baliotsua galdu du Irango nazioak zorigaiztoko ezbehar honetan", erantsi du. 

Mojberrek 68 urte ditu eta Raisirekin batera heldu zen boterera, 2021ean. Aurretik, Jameneiren Imanaren Ordena Fundazioan zuzendaritza postuak bete zituen. 

Eguraldi kaskarrak eta eremu malkartsuak zaildu egin dituzte erreskate lanak

Erreskate taldeek helikopteroan zihoazen pertsona guztiek gorpuzkiak atera ahal izan dituzte. Dena dela, Asghar Abbas Qolizade Irango Armada Iraultzailearen Ashura taldeko komandanteak jakinarazi duenez, "zoritxarrez, martirien gorpuetako batzuk kiskalita daude, eta ezingo ditugu identifikatu". 

Ezbeharra igande goizean jazo zen. Hiru helikoptero Tabrizetik, Ekialdeko Azerbaijan probintziako hiriburutik, abiatu ziren 13:00etan (11:30 GMT), eta 30 minutu geroago Ebrahim Raisi presidentea zihoan aparatuarekin kontaktua galdu zuten. Beste biak arazo barik heldu ziren helmugara. 

Kontaktua galdu ondoren, gutxienez 65 erreskate talde dituen dispositibo handia jarri zuten martxan, baina operazioa oso zaila izan zen eguraldi txarra, euria eta lainoa zela eta. Istripua inguru menditsuan gertatu zen, gainera.

Raisik urtegi bat inauguratu zuen atzo goizean Ilham Aliev azerbaijandarrarekin batera, bi herrialdeen arteko mugan. Proiektu hori aurrerapausotzat jo zuten agintariek aldebiko harremanetan eta handik itzultzean izan da ezbeharra. 

Raisi 2021etik zen Irango presidente eta Irango bigarren pertsonarik garrantzitsuena (Ali Jamenei ayatollah baino ez zegoen haren gainetik). Are, askorentzat hurrengo ayatollah bera izan zitekeela uste dute askok.

Nazioarteak doluminak helarazi dizkio Irani

Behin heriotza baieztatuta, erreskadan etorri dira dolumin mezuak. Pakistan eta Afganistan gertukoak izan dira lehenetarikoak. Shehbaz Sharif Pakistango lehen ministroak dolu egun bat ezarri du "errespetu seinale" gisa. Bestalde, talibanen gobernuak "elkartasuna" adierazi dio "anaia eta laguna zenari, baita Irango Errepublika Islamiarrari ere".  

Turkiak, Errusiak, Siriak eta Txinak ere bidali dituzte doluminak. Halaber, Hamas eta Hezbollah taldeek Raisiren heriotza deitoratu dute. Irango presidenteak "Palestinako auzia" babestu izana eskertu du Erresistentzia Islamikorako Mugimenduak. Milizia xiitak, bere aldetik, Raisi "anaia nagusi eta babes sendo bat" zela azpimarratu dute. 

Mendebaldetik ere iritsi dira mezuak. Europar Batasunak, esaterako, "dolumin zintzoak" helarazi dizkio Irani presidentearen heriotzagatik. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Hegazkin istripuak Eguneko albisteak Albisteak Iran Ekialde Hurbila