Mundua -

TURISMO-LEKU ARRISKUTSUAK

Afganistan, talibanen mende egon arren, gero eta jende gehiago erakartzen duen herrialde arriskutsua

5.000 turista atzerritar inguru jaso zituen Afganistanek 2023ko martxotik 2024ko martxora bitartean, talibanen menpe egon arren eta nazioarteak bertara ez joateko gomendioa egin arren.

Bamiyan Unescoren Munduko Ondarearen gune bat da. Argazkia: EFE
Bamiyan Unescoren Munduko Ondarearen gune bat da. Argazkia: EFE
Bamiyan Unescoren Munduko Ondarearen gune bat da. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazioarteak Afganistan ez bisitatzeko ohartarazpena egin arren, planetako txoko ezezagunetan abentura exotikoak bizitzeko zirrarak erakarrita edo, gora egin du azken hilabeteetan herrialdea bisitatu duten turisten kopuruak. Hala, talibanen erregimenaren pean egon arren, 5.000 turista atzerritar inguru jaso zituen Afganistanek 2023ko martxotik 2024ko martxora bitartean.

Txinatik joandako bisitariak dira gehienak, Pekinen eta talibanen gobernuaren arteko harreman diplomatiko onen ondorioz. Baina Europako herrialdeetako turisten bisitek ere gora egin dute, Muhajir Farahi Informazio eta Kultura ministrordeak adierazi duenez.

2021eko abuztuan boterera iritsi zirenetik, herrialdea seguruagoa dela saltzen saiatu dira talibanak, eta egia da, hein batean, aurretik erasoak eurek egiten baitzituzten. Orain, baina, Estatu Islamikoa talde jihadistaren atentatuak jasaten ari dira.

Ostiralean, turista atzerritar talde bati eraso zioten Bamyan hiriko bazar batean, eta eraso horrek turismoaren gaia jarri du, berriz ere, mahai gainean.

Hiru afganiar eta hiru turista katalan hil zituzten, eta beste lau zauritu (espainiar bat, lituaniar bat, norvegiar bat eta australiar bat), Espainiako Gobernuaren arabera.

1970ean, 90.000 turista

Azken urteko 5.000 bisitariak oso gutxi dira 1970ean, talibanak agertu baino hamarkada batzuk lehenago, Afganistanera joan ziren ia 90.000 atzerritarrekin alderatuz gero.

Segurtasunik ezagatik munduan gutxien bisitatzen den herrialdeetako bat bihurtu da Afganistan, Munduko Bankuaren nazioarteko turismo bidezko diru-sarreren 2020ko estatistiken arabera.

Herrialdeak paisaia ederrak ditu, eskualde menditsuak, eta Europa eta Asiako hegoaldearen arteko 'hippyen bide' ospetsuaren parte izan zen 60ko eta 70eko hamarkadetan, 1979an sobietarrek eta 2001ean AEBk inbaditu aurretik.

2021eko abuztuan talibanak boterera itzultzeak turismoa erabat geldiarazi bazuen ere, herrialdea gero eta saiakera gehiago egiten ari da herri erakargarri gisa agertzeko. Bulego nagusiak Erresuma Batuan dituen sareko bidaia-agentzia batek, adibidez, "Afganistango harribitxi ezkutuak eta tapiz kultural aberatsa" eskaintzen dizkie bisitariei; "mendeetan zehar mundua liluratu duen lurra" bisitatzea, alegia, Kabuldik abiatuta 9 eguneko bidaian, pertsonako 2.858 euroko prezioan.

Kandahar, Ghazni, Mazar-i-Xarif, Herat, Bamyan eta Kabul dira toki erakargarri eta exotikoenak.

Bertako aintzira eta kobazuloez gain, talibanek suntsitu zituzten Budaren harrizko eskultura erraldoiak ospetsuak ziren garai batean. Hain zuzen ere, Bamyanen (atentatua izan den herria) zegoen Unescoren Munduko Ondarearen guneetako bat.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Turismoa Euskadi albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Bidaiak Asia Afganistan