Mundua -
Alemania
Klimaren aldeko aktibista talde batek Municheko aireportua geldiaraztea lortu du tarte batez
Sei lagunek pistetara sartzea lortu dute eta errodaje-kaleetan aurrera egitea eragotzi diete. Azken Belaunaldia taldeak iragarria zuen berotze globalaren aurka halako protestak egiteko asmoa. Mendekoste zubiaren lehen eguna da gaur Alemanian, eta aireportuetan bidaiari asko ibiltzen dira egunotan.
EITB Media
Municheko (Alemania) nazioarteko aireportuko hegaldiak denbora tarte batez geldiaraztea lortu du Azken Belaunaldia mugimendu ekologistako aktibista talde batek, aireportuko hesia gainditu eta pistetara hurbiltzeko bideak blokeatuta.
Zehazki bi errodaje-kaletan jarri dituzte oztopoak hegazkinak pasa ez zitezen, aireportuko bozeramaile batek Die Welt egunkari alemaniarrari azaldu dionez.
05:00etan hasi dute protesta ekintza, eta bi ordu eta erdi behar izan du Poliziak egoera bere onera itzultzeko.
Segurtasun indarren esanetan, aireportuko martxa berreskuratu dute, baina 60 hegaldi bertan behera gelditu dira eta beste askok atzerapenak izan dituzte. Mendekoste zubiaren lehen eguna da Alemanian, eta 1.000 hegaldi daude gaurko programatuta. Asteburuan 350.000 bidaiari pasatuko dira Municheko aireportutik.
Zortzi pertsona atxilotu dituzte gertakari horren ostean. Oraindik identifikatu ez dituzten arren, Azken Belaunaldia aktibista taldeak aldez aurretik iragarria zuen hegaldiak oztopatzeko asmoa zuela, 2022an egin zuen bezala, taldearen arabera, Alemaniak berotze globalean duen erantzukizunaren ia % 10 aire-trafikoaren inpaktuak eragiten baitu.
"Erantzukizuna Gobernuarena da. Aire-konpainiek milioiak jasotzen dituzte dirulaguntzetan urtero, tren-konpainiek eta beste garraiobide publiko batzuek murrizketak dituzten bitartean", adierazi du taldeak.
Bestalde, Nancy Faeser Barne ministroak gaitzetsi egin du ekintza, eta, esan duenez, "horrelako ekintzek aireko garraioa arriskuan jarri" eta "kalte egiten diote" klimaren babesari, "ulertezintasuna" besterik ez dutelako eragiten.