Mundua -
Gaza
Rafahko erasoaldia Gaza suntsitzeko "amaieraren" parte dela ohartarazi dio Hegoafrikak Hagako Auzitegiari
Nabarmendu duenez, Nazioarteko Justizia Auzitegiaren aurreko aginduak ez dira eraginkorrak izan, "izan eskatzen dutenaren argitasun faltagatik, izan Israelek entzungor egin dielako"; eta auzitegiari eskatu dio Israeli "argi eta garbi" exjitzea operazio militarrak bertan behera utz ditzan.
Agentziak| EITB Media
Hegoafrikako Gobernuak ostegun honetan Nazioarteko Justizia Auzitegiari (NJA) ohartarazi dionez, Israelek Rafahn abian duen erasoaldia "Gaza suntsitzeko azken urratsaren" parte da, eta eraso hori amaieraraino eramanez gero "ezinezkoa izango da Gazan bizitzea". Hori dela eta, auzitegiari eskatu dio Israeli "argi eta garbi" exjitzea operazio militarrak bertan behera utz ditzan. "Israel gelditu behar da, Hegoafrika zuen aurrean dago gaur, Israel geldiaraziko duen irtenbide bat agintzeko ahalmenak erabil ditzazuen eskatzeko", azaldu du Adila Hassim Hegoafrikako abokatu taldeko kideak.
Hagan egindako agerraldian, Vaughan Lowe abokatu britainiarrak, Hegoafrikako talde legaleko kideak, ohartarazi duenez, "auzitegiak ez badu orain ekiten, Gaza erabat suntsituta geratuko da eta ezinezkoa izango da han bizitzea", eta ohartarazi du beharrezkoa dela "operazio militarrak bertan behera uztea", Gorteak Israeli emandako aginduak betetzeko.
"Une honetan, Israelek Gaza mapatik ezabatzeko ezarri zuen helburua gauzatzear dago", berretsi du Hegoafrikak, eta kautelazko neurri gehigarrien beharra justifikatu du, "oraindik Israeli Palestina desagerrarazteko kanpainan laguntza edo babesa ematen ari zaion beste edozein estaturi" zuzenduak.
Hegoafrikak 2023ko abenduaren 29an hasi zituen prozedurak NJAren aurrean, Gazan genozidioa gertatzeko arriskuagatik. Urtarrilaren 26an, NJAek kautelazko neurriak eman zituen, Israeli genozidioa saihesteko urratsak eskatzeko, eta neurri horiek indartu egin zituen martxoaren 28an.
"Hilabeteetan, jendeak, batez ere Mendebaldean, ez zuen sinesten salatzen diren ekintzak egia izan zitezkeenik. Nola liteke gure tankerako pertsonek, gure tankeran hitz egiten dutenek, genozidio moduko zerbaitetan parte hartzea?, zioten. Baina ebidentzia onartu behar da. Ez dago argudio sinesgarririk hondamendi hau benetakoa ez dela esateko", ohartarazi du Lowek.
Hala, Israelek "heriotza zibilak saihesteko ahal duen guztia" egiten duela esaten duen bitartean, "etengabeko bonbardaketen ebidentziak gero eta ugarigoak dira, bai eta gune seguruak deitutakoetan pertsonen aurkako erasoena, konboi humanitarioen aurkako bonbardaketena eta hobi komunena".
Pretoriak beste eskaera bat aurkeztu zuen joan den ostiralean auzitegiari neurri berriak eskatzeko, Israelgo Armadak Rafahen abiatutako erasoaldiak aldaketa esanguratsua eragiten duelakoan egoeran auzitegiak azkenekoz hitz egin zuenetik.
"Hegoafrika hemen dago herri palestinarra genozidio bati aurre egiten ari delako Gazan, eta auzitegi honek aurrez egindako aginduek ez dute lortu haiek babestea. Izan agindu horiek eskatzen dutenaren inguruko argitasun faltagatik edo Israelek entzungor egitea aukeratu duelako, aginduak ez dira eraginkorrak izan", deitoratu du abokatuak.
Gaineratu duenez, Israelen ekintzak Gaza eta Zisjordaniako herritar ororen kontra daude zuzenduta.
"Gero eta argiago geratu da Israel Rafahen egiten ari den ekintzak Gaza erabat suntsitzeko planaren azken fasearen parte direla, Gaza eta herri palestinarra suntsitzeko azken urratsa da hau", adierazi du Lowek.
Azpimarratu duenez, zehetasunak ez dira beti "egiaztatzeko errazak", Israelek galarazi egiten duelako ikeratzaileak eta kazetariak Gazara sartzea. "Baina Israelek ezin ditu ikerketa independenteak blokeatu, eta gero esan auzitegiak ezin duela ikertzen jarraitu ebidentzia nahikorik ez dagoelako", esan du abokatuak. Ildo honetatik, gogorarazi du 100 kazetari baino gehiago hil direla Gazan, urriaren 7tik.
"Israelek ukatzen jarraitzen badu bere bonbardaketak, eraso militarrak, errepideen eta sarbideen blokeoa eta Gazako beste operazio militarrak auzitegiaren aginduak betetzea eragozten ari direla, Gorte honek argi eta garbi zehartu behar dio hori Israeli", gaineratu du.
Halaber, abokatuak gogorarazi du estatuen autodefentsa eskubideak ez duela 'karta zuririk' ematen indarkeria mugagabe erabiltzeko. "Defentsa legitimoko eskubidea ezin da inoiz zabaldu herri oso baten kontrako indarkeria erabiltzeko, eta gose masiboa eta orokorra eragiteko eskubidera", azpimarratu du.
Era berean, zehaztu du Gorteak 2004an zehaztu zuela, "estatu okupatzaile batek ez duela eskubiderik okupatzen duen lurraldearen aurka defentsa legitimoan aritzeko".
Ostiralean Israelen txanda izango da Hagan, eta kautelazko neurri gehigarrien beharraren kontrako argudioak emango ditu.