Mundua -

Errusia

Mundu mailako gatazka bat saihesteko deia egin du Putinek

Indar Armatuetako komandante gorena izan da gaur Nazien aurkako Garaipenaren Eguneko desfilean, asteartean Kremlineko buruzagi kargua hartu ostean. Bere hitzaldian, mendebaldeko errebantxismoa kritikatu du.

Putin urteko desfilean. Argazkia: EFE
Putin urteko desfilean. Argazkia: EFE
Putin urteko desfilean. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alemania naziaren aurkako Garaipenaren Eguneko desfilean, Vladimir Putin Errusiako presidenteak dei egin du NATOrekiko tentsio militar gero eta handiagoen erdian mundu mailako gatazka bat piztea saihesteko.

"Errusiak ahal duen guztia egingo du mundu mailako borroka saihesteko. Baina, aldi berean, ez diogu inori mehatxurik egiten utziko ", esan du Putinek Ukrainako kanpaina militarrean parte hartzen ari diren soldaduen eta Bigarren Mundu Gerrako beteranoen aurrean egindako agerraldian.

Putinen hitzetan, Errusiak "edozein herrialde edo aliantzaren" esklusibotasun asmoak errefusatzen ditu, AEBei eta NATOri erreferentzia eginez. Gainera, Errusiako indar estrategikoak "beti" borrokarako prest daudela ohartarazi du.

Putinek onartu du Errusia bere historiako "garai zail" batean dagoela, eta Ukrainako gudu-zelaiaren garaipenaren mende dagoela herrialdearen zortea. "Aberriaren patua, bere etorkizuna, zuotako bakoitzaren esku dago", esan die Kremlineko harresien aurrean batu diren soldaduei.

Gainera, "mendebaldeko eliteei" leporatu die "errebantxismoaren" alde egitea eta Ukrainako eta beste herrialde batzuetako "nazien egungo jarraitzaileak" justifikatzea.

Errusiako liderraren arabera, hori guztia mendebaldeko politika baten parte da, eskualde-gatazkak, herrien eta erlijioen arteko etsaitasuna eta garapenerako zentro independente berrien euspena bultzatzekoa.

Putinek salatu duenez, "neokolonialistak" Bigarren Mundu Gerrari buruzko egia "desitxuratzen" saiatu dira, soldadu sobietarrei monumentuak kendu dizkietelako eta Hitlerren "traidoreak eta konplizeak" goraipatu dituztelako.

Hala eta guztiz ere, nabarmendu du Errusiak ez duela inoiz gutxietsi "bigarren frontearen" garrantzia, hau da, mendebaldeko aliatuena nazismoaren porrotean, ezta Txinak japoniar inperialismoaren aurka egindako borroka ere.

Putinek atzerriko bederatzi gonbidatuak hartu ditu Kremlinen, eta Errusiak nazioarteko zuzenbidea eta segurtasun sistema "zatiezina" errespetatzen duten herrialdeekin elkarlanean jardungo duela ziurtatu du.

Halaber, Alexandr Lukashenko Bielorrusiako buruzagia Moskun dagoela, aprobetxatu du herrialde horrek Ukrainatik gertu arma nuklear taktikoekin egiten ari diren maniobretan parte hartuko duela iragartzeko.

Izan ere, astearte honetan, Bielorrusiako Indar Armatuek Iskander sistemen eta Su-25 hegazkin eskuadroi baten parte-hartzearekin euren indar nuklearrak ikuskatzen hasi ziren, eta horrek alarma piztu zuen Kieven.

Putinek astelehenean agindu zuen Hegoaldeko Barruti Militarrean misilekin maniobra horiek hastea. Barruti horretan, 2022an Moskuk anexionatutako lau eskualde ukrainarrak ere sartzen dira (Donetsk, Luhansk, Kherson eta Zaporiyia).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Errusia Vladímir Putin argazkiak NATO Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra