Mundua -

Gaza erasopean

Israel: "Rafahren aurkako erasoak ez dira amaituko Hamas suntsitu arte edo bahituak askatu arte"

Netanyahuk esan duenez, bart Hamasek Gazan su-eten proposamen bat onartzearekin tropak "Rafahn sartzea eragoztea bilatzen ari zen", baina hori ez dela "gertatu" gaineratu du. NBEk salatu du Israelek Rafahko eta Kerem Shalomgo pasaguneak itxi dituela, laguntza humanitarioa ezerezean utzita.

Hainbat tanke israeldar Rafahko pasagunean. EITB Media
Hainbat tanke israeldar Rafahko pasagunean.
Rafahko palestinar errefuxiatuak, Israelek berriro ihes egitera behartuta

0:36

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministroak Gazako mugan tropekin egindako bilera batean adierazi duenez, Rafahko operazio militarra ez da geldituko Hamas inguru horretan erabat suntsitu arte edo bahituak askatu arte.

"Bahituak askatzeko kontzesioak egiteko prest gaude, baina aukera hori eskuragarri ez badago, operazioa areagotuko dugu", esan du ministroak, bere bulegoaren ohar baten arabera.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak esan duenez, bart Hamasek Gazan su-eten proposamen bat onartzearekin tropak "Rafahn sartzea eragoztea bilatzen ari zen", baina hori ez dela "gertatu" gaineratu du.

Bideo batean, agintariak mugako pasagunearen kontrola hartzea defendatu du, eta horrekin Israelgo Armadak milizia palestinarraren gaitasunak murriztea lortu duela esan du, "funtsezko" pasagunea bereganatuta.

Israelek iragarri duenez, Rafahko pasagunearen alde palestinarra kontrolpean hartu du gaur. Rafahko pasaguneak Gazako Zerrenda eta Egipto lotzen ditu, eta orain arte, Palestinako eremu horretan laguntza humanitarioa sartzeko ate bakarra zen. Aurrez, gauean, 18 pertsona hil ditu Gazako hegoaldean dagoen eremu horren kontra hasitako bonbardaketetan.

Hau izan da, beraz, Israelek "Rafah Operazioa" deitu duen operazio militarraren lehendabiziko eguna. Airez egin du erasoa gauean, helikopteroak erabilita eta artileria bonbardaketekin. Goizean, tankeak sartu ditu pasagunean. 

Israelgo Armadak lurreko erasoa baieztatu du, baina ez du jakinarazi zenbat tropa mugiarazi dituen. "Hamasen helburuen kontrako operazio zehatz eta mugatua da", nabarmendu du. Horren harira, nabarmendu du 20 matxino hil dituztela eta Hamasen 150 helburu "desagerrarazi". 

Iturri palestinarrek jakinarazi dutenez, ordea, sei etxebizitza bonbardatu ditu Israelek, eta bertan zeuden 18 pertsonak (tartean haurrak eta emakumeak) hil dira. Dena dela, hondakinen artean gorpuak daudela ohartarazi dute. 

Negoziazioak zapuzteko "eraso argia" da, Hamasen aburuz

Asteak zeramatzan Netanyahuren gobernuak Gazako hegoaldearen kontrako oldarraldia iragartzen, eta atzo goizean eremua husteko agindua eman zien han pilatuta dauden 1,4 milioi gazatarrei. Gainera, eguna amaitzear zela, Egiptok eta Katarrek egindako su eten proposamena onartzen zuela iragarri zuen Hamasek; Israelek, baina, ez du onartu. 

Hain justu, Kairon egiten ari diren negoziazio horiek "zapuzteko" ahalegina ikusi du Hamasen gobernuak Israelen oldarraldian. "Eraso argi eta aldez aurretik pentsatutakoa da bitartekarien ahaleginak izorrateko eta nazioartearen eta herriaren borondateari borondateari mehatxu egiteko", adierazi du ohar bidez. 

Palestinako gobernuaren ustez, erasoen ondotik Rafahko ekialdea "erabateko hondamendi humanitarioan" dago eta "berehalako nazioartearen esku hartzea" eskatzen du. 

Hainbat ibilgailu Rafahtik ihesean. Argazkia: EFE

Rafahko eta Kerem Shalomgo pasaguneak itxi dituztela salatu du NBEk

Jens Laerke Nazio Batuen Koordinazio Humanitariorako Bulegoaren bozeramaileak salatu duenez, Rafahko pasagunearen kontrola bereganatu ondoren, Israelek ez du bertatik inor pasatzen uzten, eta laguntza humanitarioa guztiz etenda dago. 

"Hainbat ohartarazpen egin dizkiogu Israeli itxiera horrek Gazako Zerrendan operazio humanitarioa gauzatzeko ekar lezakeenarekin, eta Israelek entzungor jarraitzen du", erantsi du. 

Orain arte, Rafahko pasagunea zen laguntza humanitarioa sartzeko ia bide bakarra. Kerem Shalom, Gaza eta Israel artean dagoen bigarren mailako pasabidea, ere zarratu du Israelek. Bigarren horregatik sartzen zen Rafahtik igarotzen ez zen laguntza. NBEren langileak ere ezin dira hurbildu koordinazio lanak egitera. 

Laerkeren arabera, apenas dago elikagai, ur edangarri eta erregairik Gazako Zerrendan. "Erregai barik, kamioiek, generadoreek eta komunikazio taldeak arriskuan daude. Dieselik gabe dena gelditzen da", ohartarazi du. 

Rafahren hiru heren baino gehiago daude husteko agindupean. Hiru ospitale eta laguntza humanitariorako sei biltegi daude eremu horretan. 

Mikel Ayestaran: ''Gaurkoa operazio neurtua izan da eta akordioa gertu dagoenaren sentsazioa dago''
Mikel Ayestaran: ''Gaurkoa operazio neurtua izan da eta akordioa gertu dagoenaren sentsazioa dago''
Mikel Ayestaran: ''Gaurkoa operazio neurtua izan da eta akordioa gertu dagoenaren sentsazioa dago''

4:38
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Ekialde Hurbila Hamas Benjamin Netanyahu