Mundua -
GAZA, ERASOPEAN
Egiptok eta Qatarrek proposatutako su-etena onartu du Hamasek, baina ez Israelek
Israelgo hainbat iturrik aurreratu dutenez, ez dute proposamena ontzat ematen, gai "onartezinak" jasotzen dituelako. Bahituen senideek akordioa onartzeko eskatu diote Netanyahuri, eta Abbasek zein Erdoganek "Israeli presioa egiteko" eskatu diote nazioarteko komunitateari.
AGENTZIAK| EITB Media
Israel eta Hamasen arteko negoziaketak bideratzen ari diren bi herrialdeek, Egiptok eta Qatarrek, proposatutako su-etena onartzen duela adierazi du gaur arratsaldean Hamasek.
Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduak Al Jazeera hedabidean zabaldutako oharraren arabera, Ismail Haniyak proposamena onartzen duela jakinarazi die Mohamed bin Abulrahman al Zani Qatarreko lehen ministroari eta Abbas Kamel Egiptoko inteligentzia buruari. Zabaldutako informazio apurraren arabera, proposamenak hiru fase lituzke, bakoitza 42 egunekoa, eta bigarren faseak Israelgo tropak Gazatik erabat erretiratzea aurreikusten du.
Hala ere, albistea zabaldu bezain laster, Israelgo iturriek adierazi dute Israel ez dagoela gauza bera egiteko prest eta ez dutela proposamena onartuko, "ez delako onargarria". Gainera, Israelgo goi-kargudun batek adierazi duenez, Hamasen iragarpena "Israel gaizki uzteko, su-eten ituna oztopatzen duen agente gisa uzteko" saiakera izan daitekeela uste dute. Asteleheneko azken orduan, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren bulegoak X sare sozialean argitaratutako mezu batean azaldu duenez, Qatarrek eta Egiptok egindako su-eten proposamena "urrun dago" Israelek eskatzen dituen baldintzetatik. Ordezkaritza bat bidaliko du Israelgo Gobernuak aukera guztiak "agortzeko", baina Rafako erasoaldiarekin aurrera jarraituko duela berretsi du.Gazako Zerrendan jarraitzen duten bahitu israeldarren senideek ere eman dute iritzia, eta Netanyahuren Gobernuari su-eten akordioa onartzeko eskatu diote. "Orain da momentua alde guztiek beren konpromisoa bete eta aukera hau bahitu guztiak itzultzea lortzeko baliatzeko", adierazi du Bahituen eta Desagertuen Familien Foroak ohar batean.
Bestalde, bahituen hainbat senide zeuden talde batek Tel Aviveko errepide nagusia blokeatu du, Israeli akordioa onar dezala eskatzeko, "sinatzen ez badu, su emango diegu kaleei", egin dute mehatxu.
Abbas eta Erdoganek Israel presionatzeko eskatu diote nazioarteko komunitateari
Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea pozik agertu da Hamasen iragarpenarekin, eta gauza bera egiteko deia egin dio Israeli. "Gustura gaude Hamasek gure iradokizunen ondoren su-etena onartzen duela iragarri duelako. Orain Israelek pauso bera eman behar du", adierazi du Erdoganek Ministroen Kontseiluaren bileraren ostean emandako prentsaurrekoan. "Mendebaldeko eragile guztiek presio egin beharko liokete Israelgo gobernuari. Hori egiteko eskatzen dizuet", gaineratu du agintari turkiarrak. Gauza bera eskatu dio nazioarteko komunitateari Mahmoud Abbas Palestinako presidenteak ere.
Estatu Batuetako Gobernuak uko egin dio gaiari buruzko iritzia emateari. "Hamasen erantzuna aztertzen ari gara, eta inguru hartan ditugun aliatuekin eztabaidatzen ari gara", adierazi du Matthew Miller Estatu Departamentuko bozeramaileak prentsaurreko batean. Era berean, Joe Bidenen Gobernuaren ustez, "bahituak askatzeko akordio bat" dela aukerarik onena, "bai Palestinako herriarentzat, bai Israelentzat", gehitu du.
Rafahko erasoaren atarian
Israelek Rafah ebakuatzeko agindua eman eta ordu gutxira etorri da Hamasen iragarpena, erasoaldi militarra iristear dagoela dirudienean. Izan ere, Israelek ez du etsitzen eta Rafahn sartu nahi du, Hamasen "azken gotorlekua" dela argudiatuta, baina aliatuek ez dute eraso hori babesten. Gaur bertan "Rafahra ez sartzeko" esan zio Bidenek Netanyahuri berriz ere.
Ildo berean, Josep Borrell EBko diplomazia buruak lurreko ofentsiba hori onartezina dela berretsi du eta EBri eskatu dio neurriak har ditzala hori gerta ez dadin.
Gaur egun, 1,2 milioi desplazatu baino gehiago bizi dira Rafahn pilatuta, Gazako zerrenda iparraldetik hegoaldera garbitu duten tropa israeldarren ondorioz.