Mundua -
Palestinaren aldeko protesta
AEBko Poliziak 100 manifestari baino gehiago atxilotu ditu Columbiako Unibertsitatean sartu ostean
50 bat agente sartu dira Hamilton Hall eraikin enblematikoan, Palestinako herriaren aldeko manifestariak barruan gotortu ostean.
Agentziak | EITB MEDIA
New Yorkeko (Ameriketako Estatu Batuak) Poliziak 100 pertsona baino gehiago atxilotu ditu bart Columbiako Unibertsitatean sartu ostean. Palestinar herriaren aldeko manifestariek protestekin jarraitu dute bertan, hainbat egunen ostean. Atzo, horiek Hamilton Hall eraikinean sartu ziren; hori ikastetxeko enblematikoenetako bat da, eta Vietnamgo Gerraren aurkako 1968ko mobilizazioen ikur ere bada.
50 agente inguru bigarren solairuko leiho batetik sartu dira eraikinean, manifestariak barruan gotortu ostean, CNN telebista kate estatubatuarrak argitaratu duenez.
Ekintza horren aurretik, Poliziak kanpusean kanpatzen ari ziren ikasleei erretiratzeko eskatu zien; une horretan, bi aldeen arteko tira-bira hasi zen, eta lehen atxiloketak egin dituzte.
Unibertsitateko bozeramaile baten arabera, manifestariak ez dira zentroko ikasleak, eta Polizia campusean sartzea justifikatu du "okupazioa", "bandalismoa" eta instalazioen "blokeoa" direla-eta.
New Yorkeko Polizia Departamentuak iragarri duenez, ordura arte Columbiako Unibertsitateko Hamilton Hallen zeuden 200 ikasleetatik libre geratu da campusa. Zentro hori AEBko beste hainbat ikastetxetara zabaldu diren mobilizazioen epizentro bihurtu da.
Aurreko egunean, protesta horietan parte hartu zuten ikasleak kanporatu zituen unibertsitateak; hori horrela, ikasleok ezin izango dute seihilekoa amaitu, ezta graduatu ere. Halaber, ez diete utziko unibertsitateko etxebizitzetara edo eraikin akademikoetara sartzen.