Mundua -
Eskozia
Humza Yousaf Eskoziako ministro nagusiak dimisioa eman du, Gobernu koalizioa hautsi ostean
Gobernuko kide ziren berdeekin hautsi ondoren, karguan jarraitzeko eta gutxiengoan gobernatzeko asmoa zuen, akordioa lortzeko itxaropenarekin, baina "ezinezkoa" izan zaio.
Agentziak | EITB MEDIA
Humza Yousaf Eskoziako ministro nagusiak dimisioa eman du astelehen honetan, Eskoziako Alderdi Nazionalaren (SNP) eta Alderdi Berdearen arteko koalizio akordioa hautsi ostean.
Eskoziako oreka politiko hauskorra ostegunean hautsi zen, berdeek Gobernuko kide minoritario gisa jarraituko ez zutela iragarri zutenean. Genero-autodeterminazioaren arloko politikek eragindako desberdintasunei gehitu behar zaie Gobernuak gas kutsatzaileen emisioa murrizteko helburuak berrikusi izana.
SNP gutxiengoan gobernatzera behartuta zegoen, eta Yousafek berak erronka hori bere gain hartzeko prest agertu zen ostiralean; izan ere, ziurtatu zuen ez zuela dimitituko eta kontserbadoreek bultzatutako zentsura-mozio bati egin beharko ziola aurre, beste alderdi batzuen babesa lortuta, besteak beste, berdeena.
Hiru egun geroago, hedabideen aurrean argudiatu du "zuzena" zela uste zuelako jarraitu nahi izan zuela, bere bazkide ohiekin "akordio ez hain formala" aurkitzeko itxaropenarekin, ezinezkoa izan baita.
Bere ustez, harremanak "konpontzeko", beste pertsona batek hartu behar du agintea, baina dimisioa ez da berehalakoa izango. Hala, azaldu du SNPko buruzagitzari jakinarazi diola kargua utzi nahi duela primarioen prozesua hasteko, baina ministro nagusi izaten jarraituko duela prozesua amaitu arte, "trantsizio ordenatu bat bermatzeko".
"Gobernuko kide izateko ohorea izan dut ia 12 urtez, kargu ezberdinetan", azpimarratu du Yousafek, bultzatutako politikez "harro".
Dimisioak airean uzten du orain 2026ra arte hauteskunderik izan behar ez zuen Eskoziaren etorkizuna. Izan ere, Yousafek duela urtebete baino gehiago hartu zuen kargua, Nicola Sturgeonek dimisioa eman ostean, eta ostiralean esan zuen SNPren buru izan nahi zuela hurrengo hauteskundeetan.