Mundua -
ESTATU BATUAK
AEBko Behe Ganberak 95.000 milioiko laguntza onartu du Ukrainarentzat, Israelentzat eta Taiwanentzat
Lege-proiektua Senatuan onartu beharko dute orain, eta hor Alderdi Demokratak gehiengo estua du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ameriketako Estatu Batuetako Ordezkarien Ganberak 95.000 milioi dolarreko (88.000 milioi euro inguru) laguntza paketea onartu du larunbat honetan Ukrainarentzat, Israelentzat eta Taiwanentzat, lege-proiektua hilabete luzez geldirik egon ostean, errepublikano talde baten blokeoaren ondorioz.
Partida bakoitza modu independentean bozkatu da, eta Ukrainarako 61.000 milioiko laguntza (57.000 milioi euro inguru) aldeko 311 botorekin eta kontrako 112rekin onartu da. Saio horretan, demokratek Ukrainako banderak erakutsi dituzte.
Israelerako 26.400 milioiko partida (24.700 milioi euro inguru) aldeko 366 botorekin eta kontrako 58rekin onartu da, eta misilen aurkako defentsa sistemetarako eta defentsarako arma aurreratuen sistemak erosteko erabiliko da, batez ere. 9.200 milioi dolar (8.600 milioi euro inguru) laguntza humanitariorako izango dira.
Beste bozketa batean, Indo-Pazifikoko (Taiwan, besteak beste) segurtasunerako funtsak onartu dira aldeko 385 botorekin eta kontrako 34rekin. Besteak beste, 8.100 milioi dolar (7.600 milioi euro inguru) emango dituzte Txinak Indo-Pazifikoko eskualdean egiten dituen ekintzei aurre egiteko, eta 2.000 milioi dolar (1.875 milioi euro inguru) Taiwanentzat eta beste aliatu batzuentzat, finantzaketa militar gisa.
Lege-proiektua Senatuan onartu beharko dute orain, Alderdi Demokratak gehiengo estua duen ganberan.
"Mezu argia da AEBk mundu mailan duen lidergoaren inguruan", dio Bidenek
Proiektua aurrera atera ostean, Joe Biden presidenteak ohar bat kaleratu du erabakia goraipatuz. "Segurtasun nazionaleko interesak" defendatzeko ona dela esan du, baita "mezu argia" ere, "AEBk mundu mailan duten lidergoaren inguruan" ere.
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak, bestalde,"eskerrak" eman dizkio Ukrainari laguntza emateagatik.
Zelenskiren arabera, "funtsezkoa" zen laguntza honi esker, gerrak "hedatzen jarraitzea" eragotziko dute, eta, aldi berean, "milaka eta milaka bizitza salbatuko ditu eta bi nazioei indartsuagoak izaten lagunduko die", X sare sozialean zabaldu duenez.
Ukrainako presidenteak eskerrak eman dizkie Ordezkarien Ganberari, alderdi errepublikano eta demokratari eta Mike Johnson Behe Ganberako presidenteari, azken horri modu pertsonalean.