Mundua -

ENERGIA KRISIA

Ekuadorrek salbuespen egoera ezarri du 60 egunerako sektore elektrikoaren krisiagatik

Segurtasun indarrek zainduko dituzte energia azpiegiturak Gobernuak salatzen dituen "sabotajeak" galarazteko. Leku batzuetan 8 ordurainoko itzalaldiak izaten ari dira.

Kandela bat iluntasean, Kiton izandako itzalaldi batean. Argazkia: EFE
Kandela bat iluntasean, Kiton izandako itzalaldi batean. Argazkia: EFE
Kandela bat iluntasean, Kiton izandako itzalaldi batean. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Daniel Noboa Ekuadorko presidenteak salbuespen egoera ezarri du sektore elektrikoaren krisiak eragindako egoeragatik. Itzalaldiak izaten ari dira herrialde osoan, eta Gobernuak "sabotajeak" izan direla salatu du. Igande honetan, segurtasunari eta konstituzioaren erreformari buruzko galdeketa egingo dute Ekuadorren.

60 egunez egongo da indarrean salbuespen egoera, denbora tarte horretan energia krisia gainditzea eta "defizit energetikoari" aurre egitea espero baitute.

Neurria indarrean dagoen bitartean, energia azpiegiturak militarrek eta poliziek zainduko dituzte, sabotajeak galarazteko. Dena den, beste salbuespen egoera batzuetan ez bezala, oraingoan ez da etxeratzeko agindurik izango.

Ekonomia eta Finantza Ministerioak zehaztuko ditu larrialdi egoerari aurre egiteko baliabideak, baina, printzipioz, osasunean eta hezkuntzan ez da murrizketarik izango.

Aurreko igandetik, itzalaldiak izaten ari dira Ekuador osoan, zortzi orduraino irauten dutenak, Mazar urtegia (herrialdeko handiena eta herrialdeak behar duen argindarraren herena ekoizten duten hiru zentral hidroelektriko hornitzen dituena) ur nahikorik gabe geratu ostean.

Gainera, Kolonbiatik iristen zen argindarraren hornidura ere etenda dago, lehortearen ondorioz ezin duelako sobera energia sortu.

Hasieratik arrazoi klimatikoak aipatu diren arren, Ekuadorko Gobernuak esan du sabotajeak ere izan direla.

Horren harira, Noboak Andrea Arrobo Energia ministroaren dimisioa eskatu du asteon, eta ikerketa bat jarri du abian gertatzen ari dena aztertzeko. Ikerketaren atariko emaitzen arabera, Arrobok eta beste 20 pertsonak egoera energetikoaren inguruko informazioa ezkutatu dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Delituak Eguneko albisteak Albisteak Latinoamerikako azken ordukoa Ekuador Elektrizitatea Energia