Mundua -
Ukrainako gerra
Zaporizhian istripu nuklearra gertatzeko arriskuaz ohartarazi du Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeak
Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako zuzendari nagusi den Rafael Grossiren arabera, ez da zentraletik edo zentralaren aurka erasorik egin behar, ezin da arma biltegi gisa erabili eta ez da arriskuan jarri behar argindarraren hornidura.
Agentziak | EiTB Media
Azken erasoen ondoren, Zaporizhian istripu nuklearra gertatzeko arriskua gero eta handiagoa dela ohartarazi du Rafael Grossi Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeko zuzendariak. Gaur egun, Errusiaren kontrolpean dago Europako handiena den instalazio nuklearra.
"Gure esku dagoen guztia egin behar dugu istripua gertatzeko arriskua gutxitzeko", adierazi du bart Grossik Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan.
Grossiren arabera, istripu nuklear bat eragozteko berak Kontseiluaren aurrean azaldutako printzipioak urratu dira azken erasoetan. Hori dela eta, erasoak bertan behera uzteko eskatu du.
Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako zuzendari nagusiak azaldu duenez, ez da zentraletik edo zentralaren aurka erasorik egin behar, ezin da arma biltegi gisa erabili eta ez da arriskuan jarri behar argindarraren hornidura.
"Hala ere, azken hamar egunetan, printzipio horietako lehena behin eta berriz urratu dute", gaineratu du.
Apirilaren 7an Zaporizhiako zentral nuklearrari zuzenean eraso ziotela baieztatu zuen Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeak. 2022ko azarotik zentralaren aurka zuzenean egindako lehen erasoak izan ziren, eta kalteak azalekoak izan baziren ere, "aurrekari oso arriskutsua" izan zela nabarmen du Grossik.
Horrez gain, beste sei eraso ere izan direla eta pertsona bat hil zela salatu du Grossik.