Mundua -
AEB
Donald Trump bere aurkako auzi penaleko epaimahaiaren hautaketa hasieran izan da New Yorken
Gaur ekin diote fiskalek eta Trumpen abokatuek epaimahaia aukeratzeari, eta bi aste iraun dezake prozesu horrek. Trumpek epaiketa osoan egon nahi du New Yorken. Hala ere, epaileak kartzela mehatxupean jokabide ona izatea eskatzen dion lege-baliabide bat irakurri du saioan.
EITB MEDIA
Donald Trump presidente ohiaren aurkako epaiketa penaleko epaimahaiaren hautaketa gaur arratsaldean hasi da formalki, New Yorkeko epaitegietan, ia 100 hautagaik osatutako lehen zerrenda batekin.
AEBko presidente ohia (2017-2021) Manhattango Zigor Auzitegira iritsi da epaiketa penaleko epaimahaia aukeratzeko ekitaldian parte hartzeko. AEBko agintari ohi bati egiten zaion mota horretako lehen epaiketa izanen da. Datozen asteetan agiriak faltsutzeko karguei aurre egingo die Trumpek, aktore porno batekin amodiozko abentura bat estaltzen laguntzeko.
Epaiketak sei eta zortzi aste artean iraun dezake. Gaur ekin diote fiskalek eta Trumpen abokatuek epaimahaia aukeratzeari, eta bi aste iraun dezake prozesu horrek.
Auzitegira sartu aurretik, Trumpek Truth Social sare sozialean esan du: "Auzitegiko areto horretan sartzen naizenean, badakit 200 milioi estatubatuarren maitasuna izango dudala nire atzean, eta 325 milioi estatubatuarren askatasunaren alde borrokatuko naiz!".
Gainera, epaiketa bere aurkako "jazarpen politikoaren" parte dela salatu du Trumpek, eta horren errua Joe Bidenen Administrazioari egotzi dio zuzenean. "Inoiz ireki behar ez zen auzia da", adierazi du hedabideen aurrean egindako agerraldi labur batean, auzitegira iritsi denean.
Trumpek epaiketa osoan egon nahi du New Yorken, bere abokatuetako batek epaileari gaur azaldu dionez. Hala ere, epaileak kartzela mehatxupean jokabide ona izatea eskatzen dion lege-baliabide bat irakurri du saioan.
Trumpek "denean egon nahi du", esan du Todd Blanche defentsa abokatuak, Juan Merchan epailearekin prozedura gaiak aztertzeko egindako bileran.
Merchanek, bere aldetik, 'Parker warning' bezala ezagutzen den baliabide legal bat irakurri dio Trumpi, akusatu gisa epaiketara joateko eskubidea aitortzen diona, baina prozesua "eteten" badu kartzelatu dezaketela gaineratuz.
Aretoan dauden hedabideen arabera, Trumpen abokatuak prozesu osoan presentzia izateko borondatea agertu badu ere, egun batzuetan ez dela auzitegian izanen adierazi du, Barron seme adingabearen graduazioan, esaterako.
Edozein auzibidetan ohiko den gisan, epaimahaiko hamabi kideek frogatu beharko dute ez daukatela akusatuari buruzko aurreiritzirik, ez eta epaia lausotu dezakeen aldez aurreko ideiarik ere. Zaila suerta daiteke ordea,, Trumpen berezko izaera dela eta, hari buruzko iritzirik ez izatea, oso aldeko eta oso kontrako iritziak sorrarazten baititu.
Epaimahaikideei ez zaie galdetuko euren afiliazio politikoari buruz, baina bai informatzeko zer baliabide erabiltzen dituzten, Trumpentzat lan egin zuten edo mitinetako batera joan diren, adibidez.
Manhattango Zigor Auzitegiaren eta Trump Dorrearen inguruan, New Yorkeko Poliziak eremuak itxi ditu, segurtasun kamera gehiago jarri ditu eta sare sozialak monitorizatu ditu edozein mehatxu atzematen saiatzeko, CNNren arabera.
New Yorkeko arauak direla eta, epaiketa ez da telebistaz emango, baina ikusmin handia egongo da hedabideetan, eta komunikabideek Trump dorrearen aurrean zein Manhattango Zigor Auzitegitik gertu "kanpatuko" dute.
Joan den astean, Floridan emandako prentsaurreko batean, Trumpek epaiketan lekukotza emango duela esan zuen. Trump deklaratzera igoko balitz, beste une historiko bat izango litzateke; hala ere, adituen arabera, litekeena da hori ez gertatzea, Trumpek zinpean galderak erantzun beharko lituzkeelako.
Horrela, AEBko presidente (2017-2021) ohi baten aurkako lehen epaiketa penala hasi da New Yorken. Etxe Zurirako hautagai Donald Trumpentzat lau urteko espetxe zigorra eskatu dute Stormy Daniels porno aktoreari 130.000 dolar bidegabe ordaintzeagatik.
Epaitzeko dituen lau auzietako lehena da aipatutakoa, eta epaimahaiaren hautaketarekin abiatu dute. Tramite hutsa izan ohi da epaimahaikideak aukeratzea, baina oraingo honetan zama politikoa ere badu hautaketak.
Esan bezala, ezkontzaz kanpoko harremana izan zuen Danielsekin Trumpek 2006an, politikan hasi aurretik, eta ezer ez kontatzearen truke egin zion 130.000 dolarreko ordainketa, 2016ko hauteskunde kanpainan.