Mundua -
EKIALDE HURBILA
NBEren Segurtasun Kontseiluak eta G7ak bilerak egingo dituzte Iranek Israelen aurka egindako erasoa aztertzeko
Gilad Erdan Israelek NBEn duen ordezkariak Kontseiluari bidalitako premiazko gutun batean eskatu du batzarra egitea. Horrez gain, Irango Guardia Iraultzailea erakunde terrorista izendatzea proposatu dio.
agentziak | eitb media
Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak bilera egingo du gaur arratsaldean, Israelek eskatuta, Ekialde Hurbilaren egoera aztertzeko, Iranek Israelen aurka egindako erasoa dela eta.
Gilad Erdan Israelek NBEn duen ordezkariak Kontseiluaren presidenteari premiazko gutuna bidali eta berehala iritsi da bileraren deialdia. Gutun horretan, Erdanek, bilera deitzeko eskatzeaz gain, Irango Guardia Iraultzailea erakunde terrorista izendatzea proposatu dio.
Erdanen arabera, "Segurtasun Kontseiluak Iranen mehatxuari aurre egiteko neurriak hartzeko garaia da", "Israelen burujabetzaren aurkako urraketa argia" izateaz gain, "nazioarteko eskubidea eta Segurtasun Kontseiluaren ebazpenak urratzen" dituelako.
"Iranen erasoa mehatxu argia da munduko bakearentzat eta segurtasunarentzat, eta espero dut Kontseiluak baliabide guztiak erabiliko dituela Iranen aurkako neurri zehatzak hartzeko", gaineratu du enbaxadoreak X sare sozialean.
Melonik G7aren batzarra deitu du
Gaur egun G7aren buru den Italiako Gobernuak bideokonferentzia deitu du munduko zazpi estatu aberatsenen buruzagiekin Iranek Israeli egindako erasoa aztertzeko.
Giorgia Meloniren gobernuak arratsaldeko lehen ordurako deitu du batzarra, iturri ofizialetatik jakinarazi dutenez.
Joe Biden AEBko presidenteak G7aren batzarra eskatzeko asmoa zuela iragarri du, erantzun diplomatiko bateratua emateko.